Desgaitasuna duten pertsonak ahalduntzeko inbertsioa egingo du Bizkaiak
Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen deialdi publiko bat jarri du abian, 2023an Bizkaian bizi diren eta desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko eta pertsona horiek gizarteratzeko ekintzak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, 1.024.000 euroko zenbatekoarekin. Gizarte Ekintza Foru Sailak aurten desgaitasunaren eremura bideratuko duen zenbatekoaren barruan sartzen da deialdi hau. Eremu horretara bideratutako zenbatekoa, guztira, 95 milioi euro baino gehiagokoa izango da.
Horrela, foru erakundeak berretsi egiten du Bizkaia desgaitasunen bat duten pertsonekin eta haien benetako gizarteratzearekin lurralde konprometitu bihurtzeko konpromisoa, , eta berretsi egiten du desgaitasunen bat duten pertsonen eta pertsona horien familien autonomiari, bizitza independenteari, parte-hartzeari eta bizi-kalitateari eusteko funtsezko eremuetan erreferente izaten jarraitzeko duen helburua.
Dirulaguntza-lerro honen bidez, desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko eta gizarteratzeko ekintzak egingo dira, honako hauen bidez:
- Elkartegintzarako programak: funtsezko oinarrizko egiturei eusteko egiten diren jardueretarako laguntza, entitateek jardute-programak buru ditzaten.
- Aisia eta astialdia: desgaitasunen bat duten pertsonei aisialdiaz gozatzen laguntzeko.
- Sentsibilizazioa eta zabalkundea: gizarteari desgaitasun-egoerek dakartzaten ondorio sozial, afektibo eta familiarrei buruzko informazioa emateko eta haien inguruan sentsibilizatzeko, pertsona horien normalizazioa lortzeko.
- Esku-hartzea eta laguntza espezializatua: profesionalek zuzendutako ekintzak, desgaitasunen bat duten pertsonen garapena bakarka edo taldeka sustatzeko.
- Tutoretza instituzionalizatua: dirulaguntza eskatzen duen entitatearen tutoretza judizialaren pean dauden pertsona desgaituei laguntza eskaintzeko.
- Kultur sustapena: desgaitasunen bat duten pertsonen giza eta kultur sustapena bultzatzeko, haiei zuzendutako arautu gabeko prestakuntza espezifikoaren bitartez.
Desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko eta pertsona horiek gizarteratzeko aurtengo 2023rako dirulaguntzak eskatzeko epea datorren asteartean, urtarrilaren 17an, irekiko da, eta otsailaren 15ean amaituko da.
Bizitza aktiboa eta autonomoa komunitatean
Dirulaguntza-ildo horrek lagundu egiten du Desgaitasunen bat duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako 2021-2023 Planean hartutako konpromisoak gauzatzen.. Foru erakundearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen eta pertsona horien familien elkarteen artean eraiki zen plan hori, eta honako helburu hauek ditu: baldintza egokiak sustatzea, desgaitasunen bat duten Bizkaiko pertsonek autonomia pertsonalik handiena lortzea, inklusioa eta komunitatean parte-hartze aktiboa lortzea, mendekotasun-egoerak prebenitzea eta aukeratutako bizimodu independentearen maila handiagoetarako trantsizioak sustatzea, laguntza pertsonalizatuen sare bat hedatzearekin batera.