Bihar hasiko dira Galdakaoko Lehendakari Agirre plazako haurren jolasgunea berritzeko lanak, gune atseginago eta erakargarriago bat egiteko. Hori dela eta, urtarrilaren 20ra arte itxita egongo da parkea.
Margotze lanak izango dira astelehenean hasiko direnak, baina aurrez ere eginak daude beste konpontze lan batuk: zoruko zuloak bete dira, jolasen egituretako hainbat elementu konpondu dira, eta igotzeko sarea ordezkatu da, besteak beste, apurtuta baitzegoen. Margotze lanak amaituta, txukunago egongo da gunea.
Kaleen asfaltatzea
Bestalde, hondatuta dauden kaleak asfaltatzen jarraitzen du Galdakaoko Udalak, eta, jaiegunak amaituta, berriro ekin dio herria txukuntzeko lanari. Herriko sarrera nagusietako bat konpontzen ari dira uneotan langileak: Abusuko igoera berritzen ari dira. Suhiltzaileen eraikin zaharretik Zabalganera arteko zatia da zehazki asfaltatzen ari direna. Gaur bertan (asteartea), edo bihar amaituko dira lanak, eta, bien bitartean, itxita egongo da igoera ibilgailuentzat.
Gune horretako lanak amaitu bezain laster, Lapurdi kaleko azken zatia asfaltatzeari ekingo zaio; bihar, asteazkena, izango dela aurreikusten da. Aparkalekutik Altzadira arteko gunea asfaltatuko da, Altzadiko biribilgunea barne, eta baita biribilgunearen beste aldean geratzen den Lapurdi kalearen azken zatia ere. Lan horiek bihar hasiko direla aurreikusten da, eta, ibilgailuen joan-etorria txandakakoa izango den arren, errepidea ez da erabat itxiko.
Gabonetako oporren aurretik, Urretatk Tximelarrera arteko igoera ere asfaltatu zen, eta aurrez, Txispamendi.