1950-1970 garaiko argazkiak biltzeko helburuarekin, Berrizko Udalak lanketa berezi bat abiatu zuen 2022ko martxoan eta horrela, industrializazio garaian gertatu zen herriaren eraldaketa ikertzen hasi zen. Proiektu horren emaitzak Berriz, metalez eta ekinez hazia ikus-entzunezkoan eta liburuxkan jaso dira eta joan den abenduaren 15ean ezagutzera eman ziren. “XX. mendearen erdi aldean Berrizek izan zuen eraldaketa itzela izen zen eta garrantzitsua eta beharrezkoa iruditu zitzaigun sasoi horretako testigantzak batzea, argazkiak biltzea eta gaur egun ere etorkin eta migrazio prozesu bat bizi dugun moduan, urte horietan izan ziren prozesu migratzaile horiek ezagutzera ematea”, azpimarratu zuen Orlan Isoird alkateak, Berrizko Kultur Etxean burutu zen aurkezpen ekitaldian.

1957an, nekazari-herria zen, oraindik, Berriz, eta biztanleen %92 baserritik bizi zen, baina fundizio-, forja-, estanpazio- edota torloju-tailerrak gero eta garapen handiagoa izan zuten eta industrializazioarekin batera, eskualdeko eta Bizkaiko beste herri batzuetan gertatu zen moduan, hazkunde ekonomikoa, demografikoa eta egonkortasun soziala ekarri zituen. “Ordura arte, Berriz, nekazal herria zen eta 20 urtean herri industrializatu bat izatera pasatu zen. Urte horietan guztietan etxebizitza eta azpiegitura berri asko egin ziren, batez ere Olakueta inguruan; landa eremu bat izatetik itxura guztiz aldatu zuen. 1950 urteko hamarkadan hasi eta urte gutxitan herriko biztanleria bikoiztu egin zen, herria eta bizimodua guztiz eraldatu ziren eta egin dugun lanketa honekin elkarrekin eraiki izan dugun herria ikusten dugu eta hori goraipatzekoa da”, azaldu zuen alkateak, testigantzak eta argazkiak partekatu dituzten herritarrei eskerrak emanez.

Berrizko industria-ondarea ikertzeko eta industria-jardueraren eragina ikertzen duen proiektu hau gauzatzeko, Berrizko Udalak herritarren laguntza ez ezik, Labayru Fundazioaren eta Bizkaiko Fotu Aldundiaren laguntza ere izan du. “Industrializazio prozesu horrek izan dituen ondorioak aztertu dira eta herriko lekukoen testigantzetan oinarrituta bideo-grabazioen bidez jasotako informazioa euskarri bitan argitaratu da. Alde batetik, 20 orrialdeko liburuxka gida eta bestetik, ordu erdi inguruko ikus-entzunezkoa”, aurreratu zuen Akaitze Kamiruaga Labayru Fundazioaren ordezkariak.

Azken hilabete hauetan bildutako informazio guztiarekin aukeraketa bat egin da eta proiektuan bost atal ezberdin nabarmentzen dira. “Lehen atalean industrializazioaren aurrekariak aipatzen dira. Bertan, Susana Serrano, Euskal Herriko Unibertsitatearen Historia Garaikideko irakaslearen ezagutzarekin kontatu dugu aldez aurreko testuinguru bat kokatu ahal izateko eta industrializazio prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko”, gehitu zuen Kamiruagak. Behin aurrekariak ezagututa, industrializazioak ekarri zuen eraldaketa ekonomikoa aztertu da eta nola metalurgia eta metalgintza ekonomiaren eragile nagusiak bilakatu ziren. Era berean, prozesu honek guztiak eragin zuen migrazio mugimendua eta biztanleriaren hazkundea nabarmenak izan ziren. 1950ean, 2138 biztanle zituen Berrizek eta 1967an, ostera, 4125.

GARAPENA

Biztanleen %92 baserritik bizi zen 1957an, baina 1976an, ostera, berriztar gehienak kaleko etxebizitzetan bizi ziren. Lekukoen esanetan XX. mendearen hasieran, etxe banakaren batzuk baino ez zueden Berrizko tren-estazinoaren inguruan eta Olakueta landa eremu bat zen. Industrializazio-prozesuak aurrera egin ahala, Olakueta bihurtu zen herriaren bihotz eta arima.

Hala ere, industrializazio-prozesuak gizarte- eta lan-baldintzen arazoen garapena ere ekarri zuen, eta 10-11 ordu baino gehiagoko lanaldiengatik protestak hasi ziren, baita segurtasun faltak eta fabrikako lan-baldintzek nolabaiteko ezinegona sortu zuten. “Fabrika eta tailerretako behar-baldintzak nahiko eskasak ziran behar baino sarriagotan. Tenperatura erreguletako gailuak ez ziran ohikoak ez fabrika ez tailerretan, eta beharginek makina-erreminta, esmeril eta abarretatik airatzen ziran partikula txikiak arnasten zituen: haizagailu gitxi ikusten zan, eta aire- garbigailurik ia bat bera be ez. Neguan hotz handiak jasaten ziran, eta udan bero kiskalgarriak, batez be labetatik hur. Zaratea zan, edozertara be, arazorik nagusienetakoa, forjetan gehien baten” irakur daiteke liburuxkan.

Ikus-entzunezkoa Labayru Fundazioaren eta Berrizko Udalaren YouTube kanaletan dago ikusgai eta liburuxka Kultur Etxean eta Udalean eskuragarri dago.

industrializazioa

Industralizazioa

Migrazioa

Hazkundea. Industralizazioak eraldaketa ekonomikoa ekarri zuen herrira. Eta horren ondorio bat Berrizek bizi zuen biztanleriaren hazkundea izan zen. 1950ean 2.138 herritar zituen herriak eta 1967an, 4125. %92 baserritik bizi zen 1957an, baina 1976an ostera kaleko etxebizitzetan bizi ziren berriztar gehienak.