Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi urteetan ekitaldiak bertan behera utzi behar izan ondoren, Galdakaoko Udalak egitarau zabala prestatu egin du aurtengo Gabonetarako.
Asteburuan bertan hasiko dira ekitaldiak, larunbatean, hilak 17, Usansoloko San Andres elizan, bertako orfeoiak Gabon kantak eskainiko ditu 18:45etik aurrera. Igandean, aldiz, Torrezabal Kultur Etxean, “Musikarekin hobe” kontzertua izango da (13:00) Galdakaoko Da Capo musika bandak eta Maximo Moreno musika eskolak antolatuta.
Hurrengo asteburutik aurrera izango dira, hala ere, ekintza gehienak, bai Galdakaon eta bai Usansolon.
Abenduaren 23an
Gorozibain kalejira egingo da Olentzerorekin gabon kantak abesten, ludotekatik 17:30ean abiatuta. Adinekoen egoitzara bisita ere egingo da, eta kalejira amaitzean gozokiak eta merendola banatuko dira.
Torrezabal Kultur Etxean 18:00etatik aurrera Olentzero eta Mari Domingiren bisita eta ipuin kontaketa izango dira Patakon Kultur Elkarteak antolaturik. Sarrera doakoa izango da.
Ostean, 19:00etan, San Tomas txiki ospatuko da Santi Brouard enparantzan.
20:00etan, urteroko Gabonetako bertso jaialdia egingo da. Arkaitz Estiballesek gaiak emanda, oholtza gainean arituko dira Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Unai Iturriaga.
Bi emanaldi hauetarako sarrerak Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian, Udalaren www.galdakao.eus webguneko agendaren bidez, webgune honetan edota leihatilan (kontzertua hasi baino ordubete lehenago) eskuratu ahal izango dira.
Abenduaren 24an
12:00etatik aurrera, Aperribain, Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango da Sarrikue egoitzara eta kalez kalea Aperribai auzoan zehar pilotalekuraino. Ostean, Olentzerok eta Mari Domingik gutunak jasoko dituzte.
16:00etatik aurrera, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo zaie Kurtzeko plazan. Ondoren kalejiran ibiliko dira Basajaunen laguntzarekin eta txistulari eta dantzariekin, eta amaitzeko, Olentzero eta Mari Domingiri abestuko zaie Santi Brouard enparantzan: Olentzerok eta Mari Domingik Gabonetako subila ipiniko dute Patakon Kultur Elkarteak antolatuta, Andra Mari Dantza Taldea, Musika eskolako txistulariak eta Ad Libitum txistulari-bandaren laguntzarekin.
Usansolon, 12:00etan, Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria egingo zaie erraldoi eta gaiteroekin, Meatzetan, eta ondoren, kalejira erraldoi eta gaiteroekin eta umeentzako tailerrak eta salda beroa egingo dira. 16:30ean, kantaldia egingo dute herriko kaleetan barrena, eta 17:30ean, Olentzerok eta Mari Domingik opariak banatuko dituzte Unkina plazan. Azkenik, 19:00etan, Usansoloko Apario Euskara taldeak antolatuta, Olentzerori eta Mari Domingiri agurra egingo zaie.
Abenduaren 26an
Urteroko ohiturari jarraituz, Txu-txu trena ibiliko da Galdakaoko kaleetatik (12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era). Hurrengo egunean, hilaren 27an, goizean Galdakaoko kaleetatik ibiliko da trena eta, aldiz, arratsaldean, Usansolon.
Bien bitartean, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, Topaguneek ekintza bereziak antolatu dituzte (Informazio gehiago atxikituta doan egitarauan) eta 27tik 30era, Gabonetako Haur Parkea jarriko da Elexaldeko kiroldegian.
Abenduaren 29an
Gazte kontzertua (Merina Gris eta Ainhoa Larrañaga) egongo da Torrezabal Kultur Etxean 20:30etatik aurrera. Hurrengo egunean, 30ean, Mozoilo Irratiak antolatuta, 80ko hamarkadako jaia antolatuko da Torrezabal Kultur Etxean.
Eta azkenik, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen kabalgata egingo da Galdakaon, Argizai Eskaut taldearen eskutik. 18:00etatik aurrera izango da, eta Usansolon, ordea, 19:00etatik aurrera.
Zenbait ekintzatan argiak eta musika baxuago egongo dira, pertsona guztientzako aisialdi inklusiboagoa sortzeko helburuz.
Herrietan antolatu diren ekintzetan parte hartzeko deia egiten die Galdakaoko Udalak herritarrei eta Gabon Zoriontsuak opa dizkie.