Bizkaiko Foru Aldundiak 2,2 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Bilbo eta Basauri lotuko dituen bidegorria eraikitzeko. Obra honekin, Aldundiak Bilbo - Durango - Arratia tranbia zaharraren zati bat berreskuratuko du.
Azpiegitura hau eraikitzeko proiektua Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eta Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, aurkeztu dute.
Bidegorri hau Foru Aldundiak mugikortasun jasangarria sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, eguneroko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea erabakitzen duten pertsonei segurtasuna eta erosotasuna eskainiko dieten azpiegiturak sortuz. Ideia horretan sakonduz Imanol Pradalesek metropoli-inguruneko bizikleta-sareak konektatzearen garrantzia azpimarratu du; Basauri eta Bilbo arteko jarduketa honekin, itsasadarraren ezkerralde osoa Bilborekin lotzeko egiten ari denarekin eta aurki hasiko den eskuinaldeko bulebarraren eta Erandio eta Barakaldo arteko zubiaren eraikuntzarekin.
Beste alde batetik, Basauriko alkateak, Asier Iragorrik, adierazi du pozik dagoela basauriarrek herriak duen bidegorri sare zabalarekin, pasealekuekin eta aisialdirako guneekin bat egiten duen proiektu honekin gozatzeko gogoa zutelako. "Bidegorri honen eraikuntzarekin Basauriko herritarrekin hartu genuen beste konpromiso bat betetzen dugu", gaineratu du.
Behin eraikuntza-proiektua onartuta Aldundiak obrak 2023ko lehen hilabeteetan lizitatzea aurreikusten du. Lanak egiteko epea zortzi hilabete eta erdikoa da.
Ezaugarriak
Basauri eta Bilbo arteko bidegorriak 1.090 metroko luzera du eta laua da ia osorik. Trazadura El Calero auzoko aparkalekuan hasten da eta Etxebarriko udalerritik igarotzen da, Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ibilgua inguratuz El Boquete tuneleraino. Bidegorriak 120 metro luze den tunel hau zeharkatzen du eta Zubialdeko zubira iristen da eta Boluetan Bilboko udal bizikleta sarearekin lotzen da.
Bidegorriaren sekzioa sei metrokoa da, lau metroko zabalerako banda batean, bizikletak bi erreitan ibiltzeko aukera ematen duena, eta bi metroko beste batean, oinezkoentzat, banatuta. Bi bandak behar bezala bereizita eta identifikatuta egongo dira, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Obren bidez Arratiako tranbiaren trazadura berreskuratuko da, eta trenbide-plataforma handituko da oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berrirako behar den espaziora iritsi arte. El Boquete tunelean, egitura kontserbazio-egoera onean dagoenez, lanak egingo dira, besteak beste, hegoaldeko ahoa egokitzeko, hondatutako eremuak saneatzeko eta lehengoratzeko eta jatorrizko drainadura berreskuratzeko.
Bidegorriak segurtasun-hesiak izango ditu erabiltzaileentzako arriskua dagoen lekuetan, bai eta argiztapena ibilbide osoan ere. Horretarako, eguzki-led argiak jarriko dira, 27,5 metroko tartearekin, aire zabalean eta zazpi metroko tarteetan tunelaren barruan, argiztapen uniformea lortzeko. Era berean, tunelean bideozaintza-sistema bat jarriko da, ibilbide osoa estaltzen duten hiru segurtasun-kamerarekin.
Jarduketaren ondorioz, halaber, El Caleroko aparkalekua berrantolatu behar da, eta erdiko bide bat ezarriko da eta horren alboetan baterian kokatutako 46 aparkaleku banatuko dira. Aparkaleku horren ondoan, eta bizikleta-bidearen hasieran, 100 metro karratuko aisialdirako gune bat sortuko da, bizikleten aparkaleku, mahai eta zurezko bankuekin.