Bizkaiko Foru Aldundiak 6.132.000 euroko aurrekontua bideratuko du BI-20 errepidean, Santo Domingoren eta Galbarriatuko lotunearen artean, bigarren errei bat eraikitzeko lanak egiteko. Obrak astearte honetan, azaroak 29, hasi dira, eta espero da 14 hilabete irautea.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak proiektatutako jarduketari esker, bidearen edukiera handitu ahal izango da, Deriorako noranzkoan puntako orduetan behin eta berriz gertatu ohi diren auto-ilarak saihestuz. Gaur egun bi erreiko bi tarteren artean dagoen errei bakarra duen bide-tartea delako gertatzen da hori, eta, beraz, bidea estutu eta trafikoa moteldu egiten da atseden-gunearen parean bigarren erreia galtzean. Gainera, proiektuan zerbitzu-bide paralelo bat sartzea aurreikusten da, etxebizitzen, gasolindegiaren eta autobus-geltokiaren sarbideek errepidearen enborrera zuzenean sartzea saihesteko.
Lanen barruan sartzen dira, baita ere, sarbideak egokitzea, galtzada handitzea bi ertzetan, drainatze-sistema eta argiteria-sarea egokitzea eta sare telematikoa etorkizuneko konfiguraziora egokitzea.
BI-20 errepidea da Bilbo-Ekialdea eta Txorierriko korridorea lotzeko bide nagusia, eta egunero 33,176 ibilgailuen batez besteko intentsitateari eusten dio. Gainera, aireportuarekin lotzen duen bide bat da.
Bilborako sarbide nagusietako batean segurtasun eta istripu-tasarekin lotutako arazoak konpontzeko 2012. urteaz geroztik egin diren hamar bat jarduketaren azkena izango da jarduketa hau. Aurreko jarduketa horiek 5 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri dute, besteak beste: Santo Domingoko eta Galbarriatuko lotuneak birmoldatzea, BI-631 errepidea indartzea Oruetan, Egirletako oinezkoentzako pasabidea, hormigoizko hesiak jartzea, Orueta eta Santo Domingoren arteko sarbideak berrantolatzea eta gasolindegien eta Santo Domingo Gainaren arteko trazadura zuzentzeko proiektua.