3.000 etxebizitza inguru energiaz hornitzeko adina elektrizitate ekoizteko gaitasuna izango du Galdakaoko Udalak Gorozibain erosi zuen industria lurrean instalatuko den plaka fotovoltaikoen plantak. Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok planaren nondik norakoak azaldu ditu ostiral honetan.
Eta handia da bertan lantzen ari den egitasmoa ere: 9 hektarea erabilgarri horietan 6 megavatiora arteko proiektua gauzatu daiteke. Bizkaia osoko instalazio fotovoltaiko handiena izango litzateke Gorozibaikoa. “Proiektu hau apustu handia da trantsizio energetikoaren bidean”, adierazi du Iñigo Hernando alkateak.
Proiektuak izango duen kudeaketa eredua ere nabarmendu du alkateak: “Proiektu publiko-komunitarioa izango da; udala parte izango du, baina herritarrek ere izango dute bertako parte izateko aukera”.
Hain zuzen, kooperatiba sortzeko aukera mahai gainean du Udalak. “Kooperatiba horretan bazkide egiten diren herritar kopuruaren arabera, handiagoa edo txikiagoa izango da planta fotovoltaikoa”, azaldu du Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak. Are, “energia demokratizatzeko bidean” egingo den egitasmoa dela gaineratu du; energia enpresek irabazi handiak izaten dituzten bitartean, eredu honen helburua izango dela salneurriak ekoizpenaren kostura parekatzea.
Kokapenari dagokionez, eguzki energia biltzeko guztiz egokia dela azaldu du Egiraunek. Hegoaldera begira dago, eguzki ordu asko ditu, beroa da, eta bertan sortzen den energia maila handia da Bizkaiko zein Euskal Herriko beste leku askorekin alderatuta. Egokitasun hori baieztatu dute egindako azterketek.
Beste egoera bat ere gaineratu du zinegotziak lurraren egokitasuna nabarmentzeko: “Ez da lur birjina edo esplotatu gabea. Jada zikinduta dagoen lur bat da, kutsatuta egon den lur industrial bat. Beraz, degradatuta dagoen eremu bat berriztatu eta berrerabiliko da”
Lurra, iaz beste ustiapen mota baterako erosi zuen enpresaren eskutik hartu du Udalak, hitzarmen expropiatorio baten bidez. Hau da, enpresa hark lur horretan inbertitutako diru kopuru bera ordaindu du Udalak lurraren jabe egiteko: enpresak subastan lurragatik ordaindu zuen diru kopuruari garbiketa, eraiste eta deskontaminazio lanen kostua gehitu zaio, eta horixe da Udalak enpresari ordaindu diona, ez gehiago.
Iñaki Urgoiti Usansolo Herriako zinegotziak eskertu du Gorozibai auzoan zegoen arazoari irtenbide ona eman zaiola. Basañez egur enpresak urtetan auzoan eragin zituen zarata eta kamioien joan-etorria gogoratu du, eta enpresa gainbehera erori zenean egoerak okerrera egin zuela: “kutsadura, zikinkeria, utzikeria eta arriskua” nagusitu zirela. Urteetako utzikeriaren ondoren enpresa batek lurrak erosi zituenean RCD planta bat ezartzeko zuen asmoak are gehiago haserretu zituen auzokideak, erabateko aurkakotasuna eraginda. Protesten ondorioz proiektuak norabide aldaketa izan du: Udalak lurra beregain hartu du, eta planta fotovoltaikoa egingo duela iragarri du.
Aldaketa eskertu du Urgoitik, eta gustora agertu dira, baita ere, Gorosibai auzo elkarteko kide Geli Barañano eta Aroa Sagarminaga. “Pozarren gaude. Proiektua aurkeztu zigutenean zerua zabaldu zitzaigun. Basañezekin gaizki geunden eta, beste proiektuarekin, ikaratuta. Oso pozik gaude. Eredu hau jarraitu behar litzateke leku guztietara; etorkizuna da”.
Orain, egitasmoa gauzatzeko pausoak ematen jarraituko du Udalak; kudeaketa aukerak aztertu eta erabilera berrirako plan berezia lantzen. Aukeratzen den ereduaren arabera, urte eta erdi edo hiru urte barru egongo da martxan planta.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">