Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman du asteazken honetan, azaroak 9, datorren ekitaldian Euskara, Kultura eta Kirolean izango duen aurrekontua. Plan honen berri Lorea Bilbao foru diputatuak eman du.

Diputatuak azaldu duenez, "aurkezten ditugun aurrekontuak Sailaren jarduera-eremuko hiru sektoreen hauskortasunari aurre egiteko tresna dira. Ildo horretan, gaur egun beharrezkoa den eraldaketa kulturalari erantzuna emateko neurriak hartuko dira, publiko desberdinen ohiturak kontuan hartuta eta sektore bakoitzeko profesionalekin etengabe koordinatuta. Bilbaok gaineratu du hori lortzeko gakoak direla, besteak beste, elkar ezagutzea eta elkar aitortzea, lankidetza, entzute aktiboa, norabide berean lan egitea, erronkak partekatzea, hiru arloetan egiten den lanari prestigioa ematea eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Azken batean, euskarak, kulturak eta kirolak gure egunerokotasunean kokapen hobea izatea".

Bilbaok azaldu duenez, "Sailaren helburu nagusia gizartearen bizitasunari eustea da, kultura- eta kirol-sare sendoagoa lortzeko, ez dadin horren hauskorra izan, arlo bietan sistema egonkorragoak izan daitezela bermatzeko eta bi sektoreen lana hedatzeko eta prestigioa emateko. Sailak, gainera, talentuaren aldeko apustua indartzen du, bai kulturan, bai kirolean.

Euskara arloak 7.871.000 euroko aurrekontua du. Euskarazko sorkuntzaren hedapena nabarmentzen da ildo estrategikoen artean, 696.000 eurorekin, eta 280.000 euroko laguntza-lerro berri bat abian jartzea aurreikusi da. "Hala, euskarazko sorkuntzari, eskaintzari eta hedapenari aparteko trataera eman nahi diogu, euskarazko sorkuntza publiko heterogeneoago batengana irits dadin", adierazi du Bilbaok.

Gainera, 479.000 euro erabiliko dira euskararen bizindarra hedatzeko eta gizarteratzeko. Nabarmentzekoa da Euskararen Interpretazio Zentroa berritzeko proiektua, hizkuntzaren bizindarraren erakusgarri gisa, euskal gizarteak egindako ibilbideari balioa emanik eta euskara gero eta hizkuntza biziagoa izan dadin.

Foru-erakundeak lanean jarraituko du Bizkaiko gizartearen egunerokoan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Horretarako, 447.000 euro bideratuko dira kirolean eta esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia, ezagutza eta erabilera sustatzeko; 2.032.000 euro bideratuko dira aisialdian eta euskarazko produktu eta zerbitzuekin lotutako jardueretan ere helburu bera betetzeko; eta beste 388.000 euro aurreikusi dira gazteak euskarazko ingurune digitalera hurbiltzeko. Gainera, 489.000 euro bideratuko dira foru-erakundean euskara finkatzeko zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa. Halaber, 710.000 euro jarriko dira bizkaieraren erabilera eta eskaintza zabaltzeko.

Kultura arloan, Sailak 45.260.000 euroko aurrekontua proposatu du 2023rako.

Lan-ildo nagusietako bat Bizkaiko gizartearen kultura-sorkuntza eta bizitasuna babestea eta sustatzea da, eta helburu horretara 8.705.000 euro bideratuko dira. Gainera, 3.380.000 euroko inbertsioa egingo da proiektu estrategikoen, traktoreen eta balio erantsia eskaintzen dutenen aldeko apustua egiten jarraitzeko, publiko guztientzako kultura-eskaintza aberats eta erakargarria izango duen Bizkaiaren alde lan egiteko. Era berean, talentua sustatzen duten ekimenak bultzatzen jarraituko dute, bai kulturan eta bai kirolean, eta horretarako 659.000 euro bideratuko dira.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak apustu argia egiten du BOS indartzearen alde, 5.701.000 euro bideratuko baitira hura finantzatzera. Diputatuak azaldu duenez, "BOS lehen mendeurrena ospatu berri duen Euskadiko lehen orkestra da. Argi dago gaztetutako orkestra dela, gero eta emakume gehiago dituena. Orkestra etengabe eraberritzen ari da publiko gehiago erakarri nahirik martxan jarritako ekimen berrien bidez, eta balio handiko hezkuntza- eta gizarte-proiektuak ditu. Euskararen presentzia eta erabilera gero eta handiagoa duen orkestra da. Gainera, bertako musikari gero eta gehiago ditu". Horixe nabarmendu du Lorea Bilbao Ibarrak.

Lorea Bilbaok Bizkaia ondarearen kudeaketan eta hedapenean erreferente izateko erronka berretsi du. Hori da berak zuzentzen duen Sailaren jarduera-ildo nagusietako bat. Horretarako, 23.255.000 euroko aurrekontua bideratu da, eta partida horretan biltzen dira lurraldeko ondare industrial, itsas ondare, ondare higiezin, artistiko, arkeologiko, etnografiko, dokumentu-ondare eta ondare ez-materialarekin lotutako jarduerak. Gainera, Sailak museo-sare eraginkor baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, Bizkaiko Foru Aldundiko eta lurraldeko gainerako museoak eta aretoak kontuan hartzen dituena. Ildo horretatik, eta behin egoera sozioekonomikoa bideratuta, 2023an Rekalde Aretoak Iparragirre kaletik ere sarbidea izango du.

Lorea Bilbaok nabarmendu du "foru-erakundeak ahalegin berezia egingo duela lurraldeko udalekin batera kirol- eta kultura-azpiegiturak modernizatzeko eta egungo beharrizanetarako egokitzeko", eta ahalegin hori 6.600.000 euroko partidaren bidez gauzatuko dela.

Kirolari dagokionez, foru-erakundeak 14.037.000 euro bideratuko ditu, guztira, arlo horretara. Diputatuak azaldu duenez, arlo horretan lan egiten da pertsona guztientzako kirola sustatzeko, bertako kirolak indartzeko (2.534.000 euro), kirolean ere euskararen erabilera sustatzeko, emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzeko, kudeaketa aurreratua bultzatzeko, berrikuntza, ikerketa eta prestakuntza bultzatzeko (578.000 euro), teknikarien prestakuntza nabarmendurik, Kirol Arloko Lanbideen Legeari erantzuteko. Gainera, Sailak eskola-kirola bultzatzen jarraitzen du 2.679.000 eurorekin. Horrek esan nahi du 300.000 euroko gehikuntza izango duela. Kopuru hori eskaintzen diren plazen eta jardueren kopurua handitzera bideratuko da, bai eta parte hartzen duten erakundeei laguntzera ere, ahalegin berezia eginik emakumeen eta kirol egokituaren arloetan. Bizkaiko eskola-kirolerako haurren ongizaterako eta babeserako plana ere datorren ekitaldian ezarriko da.

Kirol-sistema are lehiakorragoa eta sendoagoa izan dadin, 2.546.000 euro bideratuko dira horretan laguntzen duten hainbat proiektutara, hala nola Bizkaialde Fundaziora, kirol federazioetara eta kirol-ekitaldietara.

2023ko aurrekontuen aurkezpenean, diputatuak adierazi du "argi eta garbi gizartearen parte-hartzea aurreikusten duten aurrekontuak direla. Izan ere, hiru arloetan parte hartzeko foroak daude: euskararen arloan, Euskara Bizia Batzordeari euskararen gizarte-sareko pertsona eta erakunde esanguratsuen topaketak gehituko zaizkio; kulturan, bi foro aktibatuko dira, bata gazteena eta bestea Bizkaiko emakume sortzaileena, eta, aldi berean, kulturaren arloko aholku-batzorde bat martxan jarriko da; eta kirolean, emakumeari eta bertako kirolari buruzko foroak eta Eskola Kirolaren Batzordea mantenduko dira. Horretarako, 265.000 euro bideratuko dira.

Euskara, Kultura eta Kiroleko aurrekontuetan, gainera, genero-ikuspegia sartzen da ia programa guztietan. Sailaren aurrekontuaren % 2,5, gutxienez, emakumea sustatzeko zuzeneko laguntzetara bideratuta dago. Genero-ikuspegia dirulaguntzen deialdietan nahiz kontratu eta hitzarmenetan sartuta dago, besteak beste.

Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Lorea Bilbao Ibarra diputatuak gogorarazi du euskarak eta emakumeak zeharkako gaiak izaten jarraitzen dutela Foru Aldundiaren politiketan, eta gaineratu du Saileko arlo bakoitzak emakumeen foroak dituela.

Azkenik, Zerbitzu Orokorretarako aurrekontua 4.725.000 eurokoa izango da, honako lan-ildo hauetan banatuta: kontrol juridiko eta ekonomikoa, pertsonala eta kontratazioa, eta foru-plan informatikoa (ohiko izapideetarako aplikazio informatikoak).

Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu du bere jardueraren oinarriak argiak direla: sektorearekiko hurbiltasuna eta etengabeko komunikazioa; sektoreko eragileekin eta erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea; zuzeneko kudeaketa, bizi dugun egoerara egokitua, eta kudeaketa malgua. Honako hau esanez amaitu du: "euskara, kultura eta kirola funtsezkoak dira gizarte-ongizaterako eta bizikidetzarako, eta, gainera, osagai garrantzitsuak dira gizarte aurreratua eta kohesionatua lortzeko".