Gero eta gehiago dira Busturialdean enplegua izatea lortzen duten emakumeak. Zehazki, eta Gernika Gogoratuzen gidaritzapean aurkeztu den eskualdeko egoerari buruzko liburu baten azaltzen den arabera –Busturialdea-Urdaibai eskualdeko ikuspegi integrala du izenburu argitalpenak–, emakumeen enplegu-tasa 2,2 puntuko igoera izan du azken hamarkadan. Genero arrakala murrizten laguntzen duen seinalea da berau, “epe horretan emakume landunen kopurua 600 hazi da, eta gizon landunen kopurua berriz, mantendu” delarik. Inguruko genero-arrakala Bizkaikoa eta EAEkoa baino txikiagoa” dela gaineratu dute, nahiz eta udalerien artean baden diferentzia nabaririk.

Hala ere, sektoreka begiratuta, hirugarrenean dira nagusi emakumeak. Eskualdeak hazkunde nabaria izan du atal honetan, eta egoera honen islada izan liteke berau. “Busturialdea-Urdaibain emakumeen presentzia gizonena baino handiagoa da zerbitzu sektorean. 2020an zerbitzuetan lan egiten zuten 13.535 pertsonatik 8.102 emakumeak ziren”, %60a zehatz mehatz. Ikerketak agertzen duenaren arabera, “hirugarren sektorean lan egiten duten pertsonak guztizko lan-indarraren %71 dira jada, eta azken hamar urteetan ehuneko hori “gero eta handiagoa egin da, Denbora tarte horretan, ia 1.000 emakume hasi dira sektoren honetan lan egiten”.

Egoera bestelakoa da beste sektore ekonomikoetan. Bada, industria da Busturialdeko bigarren sektore “garrantzitsuena”, eta lan-indarraren %20 hartzen du. 2010. urtetik 2020. urtera, 346 pertsona gutxiago ari dira industrian lan egiten, eta emakumeak guztizkoaren laurdena dira”. Eraikuntzan, epe berdinean lanpostu nahikoa galdu dira –600 bat– eta milatik gora langile daude, Emakumeen presentzia oso urria da, hamar langiletik bederatzi dira gizonezkoak. Azkenik, eskualderako hain garrantzitsua den lehen sektorean –aberltzantza eta arrantza barne–, 500 pertsona inguruk egiten dute eskualdean “eta horietatik 100 soilik dira emakumeak”.

Asteon egin dute Busturialdea-Urdaibai eskualdeko ikuspegi integrala liburuaren aurkezpena, Rosa de la Asunción, Ramon Zallo eta Xabier Aranak idatzi dutena. Eskualdearen ikuspegia azalarazteko oso baliagarria da argitalpena. Eta honen arabera, genero-arrakalak oraindik badu bere lekua eskualdean. Beste hainbat daturen artean, aipagarria da nola oraindik ere generoaren araberako soldata desberdina den zeharo. “2018an emakumezkoen bataz besteko soldata 9.878 eurokoa zen” eta urte berean 14.776 gizonezkoena. %23koa zen beraz soldata-arrakala; hau da, urteko ia 5.000 euroko aldea zegoen”. Azkenik, emakumeek egiten dituzte nagusiki zaintza lanak eta baita etxeko lanak ere. Zehazki, kasuen %67,2a hartzen dute.