Martxan da Juanita Ibaibarriaga literatur eta erreportaje lehiaketaren edizio berri bat. Aurten Ermuko Udalak antolatutako eta euskaraz idaztea sustatzea helburu duen lehiaketa honen 29. edizioa ospatu egingo da.
Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arteko Ermuko ikasle guztiek parte hartu dezakete ekimenean. Aurreko urteetan bezala, gaia librea da eta 400 euro banatuko dira saritan parte-hartzaile guztien artean: Lehen Hezkuntzako ikasturte bakoitzeko lanik onenek 40 euroko erosketa txartela jasoko dute herriko dendetan gastatu ahal izateko, eta Bigarren Hezkuntzakoek, aldiz, 60 euroko txartelak eskuratu ahalko dituzte.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 3an amaituko da, eta sari-banaketa ekitaldia abenduaren 1ean izango da, Euskararen eguna ospatzeko Ermua Antzokian egingo den galan.
Lanak ikastetxeetan, Lobiano Kultur Gunean edota euskara@udalermua.net posta elektronikoan aurkeztu daitezke. Idazlanak kartazal handi batean edo erantsitako artxibo moduan sartuko dira, egilearen izenik gabe. Barruan eta kartazal txikiago eta itxi batean, edo erantsitako beste artxibo batean, egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa erantsiko dira.
Lana bilatzeko ikastaroak
Bestalde, Ermuko Udalak langabezian egon edo lanez aldatu nahi duten 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroak jarriko ditu martxan.
Ikastaro horiek urteko laugarren hiruhilekoan egingo dira -urrian, azaroan eta abenduan-, eta baliabide praktikoak eskainiko dituzte enplegua eraginkortasunez bilatzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak indartzeko. Prestakuntza horretan, helburu profesionalak zehaztuko dira, eta enplegua bilatzeko prozesuan ikasitako guztia praktikoki aplikatuko da, egungo lan-merkatuak eta etorkizunekoak eskatzen dituzten beharretara egokituz. Lan-eremuan aplikatzea komeni den trebetasunak, gaitasunak eta jarrerak landuko dira.
Ikastaroak Amorebieta-Etxanon, Durangon eta Ermuan egingo dira.