Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak lore eskaintza eta meza antolatu ditu Olabarrieta auzoko obren hasieraren 75. urteurrena ospatzeko. Zehazki, lore-eskaintza igande honetan egingo da meza baino lehen, 13: 00etan. Gaur egun, 282 pertsona daude Olabarrietan erroldatuta.

13:00etako mezaren ondoren izango dela jakinarazi du elkarteak, eta bertan, auzoko pertsonarik nagusienak eta gazteenak parte hartuko dutela, auzoaren iragana eta etorkizunaren arteko lotura irudikatu nahian. Txistulari eta dantzariak egongo dira lore eskaintzan, eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea ere izango da bertan.

Autoen gurpilentzako pneumatikoak egiten zituen lantegi handia zen Firestone, langile asko behar zituena. Eta langileek, bizitoki premia zuten. Behar horri erantzunez sortu zen Galdakaoko Olabarrieta auzoa, ‘Poblado de Firestone’ gisa ezagutzen zena. Duela 75 urte jarri zuten auzo bihurtuko zen proiektuaren lehen harria eta bertako auzo elkarteak urteurrena gogoratzeko ekitaldia egingo du igandean.

Honela azaltzen du auzoaren sorrera Xabier Valencia historialariak: “Eskulan eraginkor eta iraunkor bat erakarri eta egonkortzeko, eta horrek berekin zekarren etxebizitza premia nabarmenaren aurrean, Firestone Hispania enpresak, bere fabrika instalazioetatik gertu langileentzako etxebizitzez osatutako auzo bat eraikitzea erabaki zuen. Horrela sortu zen ‘Poblado de Firestone’ izeneko gunea, Aperribaialdeko sastraka eremuan eta Artxubi eta Iñigobaso mendien lurretan. Leku horretan kokatuko litzateke urbanizazio berriaren erdigunea, obra baimena eskatzeko agirian agertzen den bezala. Horretarako, pertsonaia berezi bati erosi zizkioten lurrak: Jose Maria Murga Mugartegi abokatuari. Gerra Karlistan militar liberala izan zen Murga Mugartegi, bidaiari amorratua zen, diputatua eta Marokoko kulturaren ezagutzaile handia; Al-Baghadi edo ‘bizkaitar mairua’ bezala ezagutzen zuten Marokon. Olabarrieta etxeko jabeen ahaidea zen, Azurdui familiarena.

1947ko irailaren 9an, auzo berriaren lehen harria jarri zen solemneki, Bilboko Eleizbarrutiko gotzainaren bedeinkazio eta guzti, eta bi urte geroago eman zitzaizkien lehen 17 etxebizitzak maizter berriei. Arkitektonikoki lau etxe mota ziren oinarri; horien artean, neo-euskal estiloa eta neo-menditarra nagusitu ziren, guztiak lorategi-lur batez inguratuak. 1949ko azaroan eman zitzaizkien lehen etxe horiek jabeei, Bilboko Elizbarrutiko Bikario Nagusiaren bedeinkazioarekin eta enpresako zuzendarien, Galdakaoko eta Basauriko alkate eta erretoreen presentziarekin, auzoaren inaugurazio sinboliko bihurtu zen ekitaldi hori”. 

Gaur egun, 282 pertsona daude Olabarrietan erroldatuta.