Durangoko Udalak harrera egingo dio astelehen honetan, irailak 19, Sultana Jayari. Giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrak hitzaldi bat eskainiko du arratsaldeko 18.30etik aurrera Landako Elkartegian. Hitzaldia hassanieraz izango da, baina gaztelaniazko aldibereko itzulpena izango du.

Hemen dagoen bitartean, euskal agintari eta ordezkariekin biltzeaz gain, udalerri gutxi batzuetan hitzaldiak eta sentsibilizazio-jarduerak egiteko aukera izango du, besteak beste, Durangon, saharar herriarekiko elkartasun-sare garrantzitsua eta ibilbide luzea baitu.

Bira honen helburua Mendebaldeko Sahararen egoera larria eta sahararrek bertan bizi dituzten gertaerak ezagutaraztea da.

Sultanak 41 urte ditu. Bojadorren jaio zen, Mendebaldeko Sahararen iparraldeko kostaldean, eta han bizi da. Giza Eskubideen aldeko aktibista da eta saharar gisa bere herriaren borrokan murgildu da bere lurraldea berreskuratzeko. Ia bere herrikide guztiek bezala, kanpamenduen eta lurralde okupatuen artean banatutako familia du, baina bere hiri okupatuan Marokoren okupazioaren aurka borrokatzeko geratzea erabaki zuen.

2010ean, Giza Eskubideen Defentsarako Saharako Liga sortu zuen, Natur Baliabideen Espolioaren aurka, eta gaur egun Liga horren buru da.

2020ko azaroaren 19an, Bojadorreko etxera itzuli zen, osasun arrazoiak direla medio Espainian denboraldi bat egin ondoren. Astebete lehenago, Marokok su-etena hautsi zuen Guergueraten, Mendebaldeko Sahararen hegoaldean, eta berak itzultzea erabaki zuen, bere jendearekin borrokatzeko. Aaiunera iritsi zenean, Marokoko poliziak geldiarazi egin zuen etxerako bidean, setiatu eta bere etxean 558 egunez giltzapetuta egotera behartu zuten. Bere ama eta bere arreba Luara ere martirio horren lekuko izan dira.

Sultana Jaya eta bere familia etengabe erasotu eta setiatu zituzten arren, hiru emakumeek Marokoren okupazioaren eta eskubideen urraketaren aurka erresistentzia baketsua egiteko hainbat modu asmatu zituzten, banderak goratuz eta askatasunaren eta giza eskubideen errespetuaren aldeko oihuak eginez arratsaldero, paramilitar marokoarrek setiatutako etxeko teilatura igota, egunero Saharako bandera jarriz erresistentziaren ikur gisa.