Datorren urriaren 9an, igandea, eguerdiko 12.00etan, ekimen berezi bat abiaraziko du Durangoko Udalak. Bada, egun horretan, aurreko urtean jaiotako umeei omenaldia egingo die Udalak. 2021ean ' loratutako' umeen omenezko ekitaldia Landakogunean egingo da.
Durangok bat egin zuen 2020an Oinherri Herri Hezitzaileen eta Haurren Hirien Sareekin. Ekimen hauen helburuetatik nagusiena, umeei hiritartasun aktiboa aitortzea da, eta, beste neurri batzuen artean, ume jaioberriei aitortza hau egitea erabaki dute udal ordezkariek.
Umetxoei Amaia Lejarreta Onaindia artista durangarrak eginiko eta ‘2021ean Loratua’ lema izango duen zapi bat eskainiko zaie ekitaldian. “Umeei mundu honetara ongi etorria emateko zapi zuri baten jartzeko, opari bezela. Energia gara, etengabe loratzen ari garen lore sorta ederra. Ongi etorri 2021 ean loratu zareten guztieri”, adierazi du artista durangarrak.
Irailaren 20tik aurrera, familiek ekitaldira bertaratzeko gonbidapenak jasoko dituzte euren etxeetan. Ez da konfirmaziorik behar. Ekitaldian zehar Amaia Lejarretaren diseinuaz zapia jarriko zaie ume jaiobarriei, eta, gainera, Lejarretak berak diseinatutako irudiaren mosaiko bat margotuko du haurren aurrean.
“Urtez urte ospatzeko heldu den jai txiki bat izatea nahiko genuke. Aurten 2021ean jaiotakoei egingo diegu, eta datorren urtean 2022ean jaiotakoei. Modu horretara, ongi etorria emango diegu urtero durangar belaunaldi berriei eta haien gurasoei”, adierazi dute Ima Garrastatxu eta Julian Rios udal arduradunek.