Elkano Itsas Herria kultur zeharkaldia Bizkaiara itzuliko da gaur eta bihar, joan den ekainean lurralde honetan 12 herri bisitatu ondoren. Orain, abuztuko azken egunak baliatuko ditu Elkano Itsas Herriak, eta gaur eta bihar, abuztuaren 30 eta 31ean, itsas historia eta kultura zabalduko ditu Ean, erakusketa ibiltari baten eskutik udalaren laguntzarekin. “Erakusketa eta egitasmoaren informazio puntua Beletxen (Moilan) egongo dira”, nahiz eta ez den oraingoan ez den patatxerik izango.
“Erakusketaren irekiera ekitaldia gaur izango da, 13:00etan, Iratxe Arriola alkatea eta proiektuaren sustatzaileen parte hartzearekin”, antolakuntzatik nabarmendu dutenaren arabera. Egun horretan informazio puntua arratsaldeko 20:00ak arte irekita egongo da eta asteazkenean, aldiz, 11:00etatik 20:00etara. “Gainera, asteazkenean 12:00etan Antxoa lantzen izenburupeko tailerra antolatu da. “Eako geldialdi hau, hasieratik, patatxarik gabeko geldialdi bezala pentsatua izan zen, ontziaren tamainarengatik ez delako herriko portuan sartzen. Hauek ez dira, hala ere, Elkano Itsas Herriak Eara daramatzan lehen jarduerak. Joan den uztailean Elkarrekin Elkano ikuskizuna eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik astronomia tailerra egin ziren”, diotenez.
Erakusketak itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia azpimar-ratzen du. Elkano Fundazioak azaldu duenez, “erakusketaren bereizgarri bat da Elkano Itsas Herriaren geldialdi bakoitzean handi-tzen doala udalerri bakoitzak egiten duen ekarpen historikoarekin. Horrela, herri bakoitzaren kontakizun indibidualak Euskal Herriaren kontakizun kolektiboa indartzen du; era horretan, gogorarazten du itsas-mundua eta kultura euskal kostaldeak bere osotasunean partekatutako ondarea dela, eta honen kontakizuna ere partekatutako historia izan behar duela. Eako panelaren kasuan, herriaren lehen aipamena jasotzen da 1334. urtean, Martin de Urtubiaga marinel eatarraren parte-hartzea Kristobal Kolonen bidaian edo historikoki arrantzak izan duen garrantzia”.
Ostean, Mundakan
Bestalde, Elkano Itsas Herriak ekimenak Ean jarriko duen informazio puntuan Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira liburua egongo da salgai. Euskal Itsas Museoak editatutako liburua da, Elkano Fundazioaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Earen ostean, Mundakan izango da ekimena. Azken txanpari ekinda, Busturialdeko herrian izango da irailaren 12tik 14ra, nahiz eta “ekainean bakarrik patatxaren bisita eman ahal izan zen, eguraldi txarra zela eta”.