Abadiñoko Udala Zamorako herri batekin senidetuko da
Abadiñoko Udalak bat egin du Zamorako San Miguel de la Ribera udalerriarekin. Bi herrien arteko senidetasuna "De Norte a Sur" kultur elkarteari esker egin ahal izan da.
Ordezkaritza, Mikel Garaizabal alkatea, Javi Crespo alkateordea, eta Rosa Miguel Berdintasun eta Aniztasun zinegotzia buru direla, ostiralean joango da La Güareñako nekazaritza-eskualdean dagoen udalerrira. Abadiñoko Udalak udalerriko zenbait elementu enblematiko emango dizkio Raquel Pascual San Miguel de la Riberako alkateari, hala nola Muntsaratz dorrearen kopia eta aginte-makila bat. Gainera, Zamorako korporazioari ohiko produktuak oparituko dizkiote, gazta eta txakolina, besteak beste.
“Zamorako udalerrian familia-loturak dituzten De Norte a Sur taldeko pertsona batzuen ekimenez, talde batek bisita egin zigun pandemia aurretik, eta bisita itzultzea eta kultur trukerako jarduerak sustatzea adostu genuen orduan”, azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. Hala, asteburuko egitarauan anaitasun eta bizikidetza ekitaldi bat, bisita kulturalak eta De Norte a Sur taldearen emanaldia izango dira.
San Miguel de la Riberako ekonomia nekazaritzan oinarritu izan da tradizioz, eta bertako mahastien kalitatea nabarmendu behar da modu berezian. Mahastietan malbasia eta moskatel barietate zuriak landatzen dira nagusiki, eta beltzen artean garnatxa eta Toroko beltza. Abeltzaintza autokontsumotik merkataritza-ustiapenetara igaro da. Herriko tradiziorik errotuenetakoa Plantar el Mayo izenekoa da, Abadiñoko Makalaren altxaeraren antzekoa.