Ekonomiari emandako aupada baino, askotan badira lanaren bidez gizarteratzea helburu duten ekimenak. Hauxe da Muruetak bi elkarterekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren gakoa. Julen Karrionek zuzentzen duen Udalak Lurre Hurre egitasmoarekin eta Bertatik elkarte kooperatiba txikiarekin sinatu du akordioa, “migratzaileen gizarteratzea eta enplegagarritasuna bultzatzeko”.

Proiektu solidarioa martxan jartzeko, Muruetako Udalak honako konpromisoa hartu du: “urtebetez, Arondoko parajean udal gune edo instalazio bat lagatzea, eskualdeko ekoizle txikien beharrei erantzuteko lantegi bat sortzeko”. Gizarte-bazterkeriako arriskua eta kalteberatasun-maila handia duten migratzaileak “nekazaritza ekologikoan eta hurbilekoan prestatzeko eta landare-produktuak eraldatzeko izango da baliagarria, “Busturialdeko garapen jasangarriaren esparruan jarduerak egiten diren eremuetan biodibertsidadea kontserbatzeari balioa emonez”. “Udal gisa, elkartasunaren eta konpromisoaren eredu izan behar dugu; horregaitik, legeriak ezartzen digunetik haratago goaz, eta gizarteratzearearekin, tokiko enplegu-politikekin eta gazte-politiken plangintzarekin, antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako ekimenak bultzatzen ditugu”, azaldu dute.

Bada, Lurre Hurre elkarteak migratzaileak gizarteratzearen alde lan egingo du, “landa-garapenaren bidez gizartean eta lanean parte har dezaten”. Egitasmoaren erdigunea Bermeon dago, baina Muruetara zabaldu da. Proiektuan parte hartzen duten pertsonak “euskal gizartean ezinbestekoak zaien gaiei inguruko formakuntza jasoko dute”. 2020. urtean jaioa, “pertsona migranteen oinarrizko beharrei estaldura eman, segizioa eman, eta integrazioa lortzeko ahaldundu nahi zaie, nekazaritzak beharrezkoa duen bultzadarekin uztartuta.” Honela, sistematik kanpo dauden pertsona hauei “gizarteratzeko tresnak ematen zaizkien bitartean, herriko nekazaritza ekologikoa ere sustatuz. Beraz, proiektuaren gizarte-arlo nagusiak, integrazio eta kulturartekotasunarekin eta gizarteratzearekin lotuko lirateke”. Bestetik, “pertsona migratu hauek gure gizarte sarearen partaide integral izatea bultzatuko da”. Bestalde, Bertotik elkarte kooetariba txikia “erakusleiho aktiboa izango da eskualdeko fruta eta barazkiak zabaltzeko, saltzeko eta banatzeko”.

“Landa garapena da proiektu solidario honen haria, herritarren eta migratzaileen arteko lotura sortzeko, pertsona hoien integrazioa sustatzeko, etorkizuneko enplegurako prestakuntza emanez, eta hau guztia lehen sektorea eta tokiko nekazaritza sustatuz, eta lan-eremu honetan Muruetak asko dauka eskeintzako”, nabarmendu du Karrionek.