Nahiz eta pandemia garaia ez den batere lagungaria izan odol emateen kopuruari behar duen aupada emateko, Gernika-Lumoko, Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetako datuak onak izan dira. Odolkideak elkarteak jasotako datuen arabera, Foru plazan-Artekalean jartzen den autobusean -urte osoan 28 aldiz izan da bertan- odola ematen dutenen datuen balantzeari erreparatuz gero, “datuak apur bat gorantz” etorri direla zehaztu dute. “Berriro 1.139ko odol ematera heldu gara, 34 gehiago” 2020ko urtearekin konparatuz. “Gure gorakada %3,08 da eta Bizkaian ia-ia parean geratu da, %0,80 gutxiago”.

Aspaldiko sekuentzi historikoa ere ikertu dute, datuak bere testuinguran jarri ahal izateko. “Aspaldiko urteetakoak 2004koak dira goipuntakoak (1.438 odol emate),eta milatik gorako azkenak 2017koak (1.031 odol emate) izan ziren. Azken 10 urteotan gorabeherak egon arren, odol-emote kopurua beti ibili izan da 1.000etik 1450erako tarte horretan”. Eta beharrezkoa da hala mantentzea, izan ere osasun sistemak beharrezko ditu odol paortazio hauek, musutruk egiten direnak. “Borondatez emondako odola osagai terapeutiko estrategikoak eskuratzeko bide bakarra da eta gizarte heldutasuneko zeinua da”, nabarmendu dute Odolkideak elkarteko arduradunek. Jakin badakite uda partean zenbait zailtsun izaten direla, baina jendearen eskuzabaltasunean badute konfidantza.

Emaileen profilari buruz, iazkoan “48 pertsona berri hurbildu zien Foru plazan jartzen den autobusera. “Berriztea garrantzi handikoa et aezinbestekoa da emoitzaren iraunkortasunerako”, diotenez: 26 gizonezko eta 22 andrazko izan ziren 2021 urtean. Bestetik, errepikatze-indizea 1,87ean kokatu dela azaldu dute. “Beste urte batzuetan be 1,8 - 2 bitartekoa izan da. Gure odol-emoileak konzientzia handikoak dira eta ondo eusten deutsie odol emoteari”.

Gernikaldeari dagozkion datuak ere “onak izan direla” nabarmendu dute. “Goranzko bidean jarri ditugu berriro”, diotenez. “Eta jakina, emale kopurua mantendu behar da”, eta ahal baden “berriztu. Emon dezagun datu esanguratsu bat, honen adierazlea dena: gaur egun bertoko bizilagunen emoteak 833 izanda, tasa hori 48,73 odolemote /1.000 biztanleko izan da. Eta orain horretan betetzen dugu OME/OMSek autosufizientziarako gomendioa- 37-38/1.000 biztanleko). Autosufizientziako beste datu baten arabera, Gernikako bizilagunen 18-65 urte artekoak 10.270 badira eta emoileak 833 badira, populazioaren %8,11 indizeaaurkitzen dogu. Halanda ze, autosufizientzia datu bien arabera ondo be ondo betetan dugu beharrizan hori”. Datuek positiboak izanik, hala ere emale gehiago eta gazteagoak behar direla azpimarratu dute.

Eskualdeetan Bestalde, Busturialdeko datu orokorrak ere plazaratu dituzte. Nahiz eta datuak orokorrean mantentze aldera jo duten, 70 gutxiago zenbatu zituzten iaz; 1.838 izan ziren odol emateak 2020an eta 1.768, berriz, iaz. Eta Lea Artibain, bestetik, 1.197 odol emate zenbatu zituzten 2020an eta 1.154 iaz. Izan ere, 47 odol emate gutxiago egon ziren Lekeition, 36 gutxiago Ondarroan. Bizkaiko beste eskualdeekin alderatuta, datuak antzekoak direla azaldu dute. Herrialdean 38.720 odol emate zenbatu zituzten iaz, 2020an baino %0,79 gutxiago; 1.000 biztanleko 33,66 odol emate egiten direla erakusten du horrek. Azkenik, aferesiari buruzko datuak ere eman dituzte. “Aferesiaren bidezko odol ematea egiten dutenen eskualdeko pertsonak guztira 17 izan dira, 36 aferesi odol emate” zenbatuz.

Datuak

Gernika-Lumon. “Pandemia sasoian berriro datuak apur bat gorantz etorri” direla zehaztu dute odolkideak elkarteko arduradunek. “1.139ko odolemotera heldu gara, 34 gehiago. Gure gorakada % 3,08 da”.  

Eskualdeetan. Busturialdean zein Lea Artibaindatuak behera egin dute apur bat. Izan ere, Busturialdean 70 odol emate gutxiago zenbatu zituzten iaz; eta Lea Artibain 47 odol emate gutxiago izan zituzten.

Beharrezkoa

Odola ematea bizitza salbatzeko bidea da