Badira kanta batzuk leku konkretu eta egun konkretu batzuetarako aproposki sortzen direnak. Eta badira herriak non jaietarako kantak urte osorako kantak bilakatzen direnak. Ereserki izaterako kategoria lortzen dutenak. Mundakan Aratuste izan litzateke adibide. Zer esan Bermeoko Bermeoko portuan kantari buruz... edota Anteron txamarrotia lekeitiarrentzat. Eukal kostaldea tankera horretako kantaz josia dago. Horixe bera lortu nahi du Josu Bergara Aretxabaleta (Ea, Bikaia, 1979) abeslari eta konpositore bizkaitarrak, bere sorterriaren kasuan. Eako jaietarako martxa estiloko obra konposatu du, “herriari eskainitako opari” moduan. Eta hasteke diren San Juan jaietan -Erreka egunean, ekainaren 26an- Errekara izenburua izango duen obra honen aurkeztuko dute.

Bergarak egin ohi izan duen moduan, “nahiz eta zailtasunak ere izan diren sortze prozesuan”, eatarren laguntza izan du kanta sortzeko. Heritarren laguntza berebiziko izan du. Laburbiltzen duen moduan, “proiektua duela hiru urte lantzen hasi zen. Bilboko Kontserbatorioko irakaslea ohia eta piano-jotzailea den Agustin Bergara bere aitarekin batera”. Eta dioenez, “Sorozabal edo Sarriegik konposatutako martxetan inspiratuz, San Juan jaietarako musika berezia sortzea erabaki zuten”. Bidea ez da erreza izan, baina emaitza aurki plazaratuko dute.”Guk ere gure herriarentzat opari berezia konposatu nahi izan dugu. Gainera, sormen prozesua parte-hartzailea eta herritarra izatea nahi genuen, eta horretarako, gure ekimen honetan herriko (eta kanpoko) hainbat lagun eta ezagun elkartu ditugu”.

Besteak beste, “Karmelo Landa Mendibe herritarrari proposatu genion abestiaren letra idaztea, eta berak hitz ederrak josi ditu, emozioz beteriko letra osatuz”. Ostean Bergarak Iholdi Beristain eta Naroa Gaintza abeslariak izan ditu bidelagun. Hirukotearena da ahots prin-tzipala. “Horrez gain, herritarrak osatzen duten koro batek kantatzen du. Grafikari dagokionez, Ramon Lejardi bedaroatar artistak ere, single-aren distribuzio digitalerako azala diseinatu du”.

Ostean, Josu Bergarak sortutako musika originala orkrestrarako moldaketan jardun dira. Mikel Nuñez Lauzirika piano-jotzaile durangarraren esku egon da berau. Eta grabaketa n“Ardoa Barrura Fanfarreak interpretazio musikala egin du. Basauriko Blue Bayou estudioan gauzatu dute, David Sanchez Damian teknikari eta produktorearen gidaritzapean”. Esandakoaren arabera, “beti bezala, plazer handia izan da berarekin lan egitea”. Horrez gain, Eako kantu poteoko taldea ere parte hartzera gonbidatu zuten, koroak grabatzera. “Guztion artean gindako lana izan da, oso gustora aritu izan gara kantaren sorkuntzan eta grabaketa prozesuan burubelarri”, dio Bergarak, “eta espero dugu eatarrek bere egitea eta ereserki bilakatzea- Eskertzekoa da jendearen inplikazioa izatea”, dio. “Oso argi geneukana zera izan da: abestiak melodia erraza, sinplea, garbia eta atsegina izan behar zuela. Uste dut lortu dugula, kanta herrikoia egitea lortu dugula”.

Aurkezpena

“Errekara, errekara, ietarrok -Eako bizilagunek ietarrok jentilizioa erabiltzen dute-” dio kantak. Eta erreferentzia ugari egiten dizkio jaietako kontuei. Bergarak aurreratu duenez, “datorren ekainaren 26an estreinatuko da, herriko plazan”. Ostegun honetan ere, ekainaren 23an arratsaldeko 18:30etan, Josu Bergarak kontzertu akustikoa eskainiko du. Bada, Eak badu kanta berria, urteen poderioz ziur bere ikur bihurtzen duena. Eta eatarrek jaigiroa alaitzeko apropos erabiliko dutena.