Zabalik dago jada Barakaldoko auzoetako aurrekontu parte-hartzaileetan botoa emateko epea. Barakaldoko Udalak 2,8 milioi euroko aurrekontua bideratuko du aurrekontu parte-hartzaileetarako, eta 16 urtetik gorako barakaldarrek partu hartu ahal izango dute.
Hau da auzoei zuzendutako Aurrekontu Parte-hartzailea abian jartzen den lehen aldia; Amaia del Campo alkatearen taldearen apustua da, auzoei ahotsa ematea bilatzen duena, bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko.
Bozketa ekainaren 6tik 19ra egin ahal izango da modu presentzial eta telematikoan, herritarren parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin. Alde horretatik, barakaldarrak bizi diren auzoari dagokion partaidetza-orria jasotzen ari dira euren etxeetan. Orri horretan bakarrik sartzen dira auzoko proiektuak. Barakaldo 12 auzotan banatu da prozesu honetarako (Erdialdea-Arrontegi, Beurko-Bagatza-Santa Teresa, Lasesarre-Desertu Urban, San Bizente, Zuazo¿Artegabeitia, Retuerto, Errekatxo-Gorostiza, Gurutzeta, Lutxana, Llano, Burtzeña eta Kastrexana); guztien artean bozketara ateratzen diren 212 proiektuak batzen dituzte, teknikoki bermatu diren 400 proposamen baino gehiago bildu ondoren. Gogoratu behar da auzotarren parte-hartzeak aurreikuspen guztiak gainditu zituela, eta auzoak hobetzeko obra txikien arloko 1.530 proposamen jaso zirela.
Bozketa egiteko proposamen gehien izan dituen auzoa Beurko da, 28; ondoren, Arrontegi eta Zuazo, 27 proiekturekin; Lasesarre, 26; Gurutzeta eta San Bizente, 25. Botoa emateko obra txikien proiektu gehien aurkeztu dituen hurrengo auzoa Errekatxo izan da, 18rekin; ondoren, Retuerto, 10ekin; horien atzetik daude Burtzeña (8), Lutxana (7), Kastrexana (6) eta Llano (5). Udalak konpromisoa hartzen du auzo bakoitzean gutxienez proposamenen % 25 garatzeko.
PARTE HARTZEKO BIDEAK
Bozketarako aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, botoa baliozkoa izan dadin parte hartzeko orria NANarekin osatu besterik ez dago, eta nahitaezko hiru proiektuak aukeratu. Ondoren auzoetan, adinekoen zentroetako hautestontzietan eta datorren astelehenetik aurrera auzoetan zehar ibiliko diren karpetan utzi behar da orria.
On line kanala aukeratuz gero, www.barakaldo.eus udalaren webgunean edo Barakaldo APP doako aplikazioaren bidez eman ahal izango da botoa. Nahiko da NANa sartzea eta programak erroldatuta dagoen auzoa detektatzen du, eta, beraz, zuzenean agertzen dira bidezko proposamenak, gustukoen dituen hiru proposamenak aukeratzeko eta botoa baliozkotu ahal izateko.
Barakaldoko Udalak 2020an aktibatu zuen Aurrekontu Parte-hartzaileen azken edizioa. Orduan, pandemiaren ondorioz, bi urtean behingo ekimen horrek dituen 2,2 milioietatik 1,6 milioi Covid-aren ondorioak barakaldar familiei eta enpresei arintzen laguntzeko neurrietara bideratu zituen. Gainerakoa, 600.000 euro, auzoetara bideratutako lehen aurrekontu parte-hartzaileetarako erabili zen. "Proposamen aitzindaria izan zen, eta lehen eta bigarren mailako auzoekin amaitzeko gure helburuaren aldeko apustua egin nahi genuen, eta Barakaldoko auzo guztiei aukera eman nahi genien eraberritze txikiak eta mantentze lanak egiteko, herritarrek beraiek proposatuak eta bozkatuak", azaldu du Gorka Zubiaurre Gobernu Irekiko zinegotziak.
"Gure ustez, auzotarren erantzun horrek udalak maila berean erantzutea merezi du, auzotarren proposamen ugariri irtenbidea emateko. Izan ere, horrela ulertzen dugu udal-politika, auzotarren eskutik egina, udal-erabakietan hitza eta botoa emanez", azpimarratu du zinegotziak. Ildo horretatik, hasierako 600.000 euroei hurrengo bi urteko aurrekontuetako partida gehitzea erabaki da, 2,2 milioirekin, herritarren proposamen ugariri erantzuna emateko, horrela 2,8 milioiraino iritsiz: 1,7 milioi 2022ko aurrekontuaren kargura izango dira, eta 1,1 milioi 2023koaren kargura.
ILUSIOZ BETETAKO PROIEKTUA BARAKALDO ERAIKITZEKO
Bozkatzeko epea hurrengo bi asteetan burutuko da. "Auzoetarako Aurrekontu Parte-hartzaileen proiektua ilusioz beteriko ekimena da hiriarentzat. Barakaldo bigarren eraldaketa handia bizitzen ari da orain, eta, batez ere, soziala da, pertsonak dituelako politiken erdigunean. Auzotarren parte-hartzea giltzarrietako bat da prozesu honetan; horregatik auzoak proiektu honetan inplikatzea nahi dugu, lehen fasean egin zuten bezala, hain proposamen kopuru handia aurkeztuz. Beraz, herritarrak parte hartzera animatzen ditut, Barakaldo elkarrekin sor dezagun", amaitu du Zubiaurrek.