Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera atzean utzi ondoren, Ermuak Gastronomia Jardunaldien hogeita bigarren edizioa ospatuko du aurten. Hala, ekainean zehar, sei jarduera ezberdin garatuko ditu Lobiano Gastronomia Elkarteak. Edizio guztietan bezala, Pintxo Lehiaketa izango da jardunaldien protagonista nagusia.

Programa datorren asteartean, hilak 7, hasiko da Estrella Dammen garagardo dastaketarekin, 19:00etatik aurrera Plan B kafetegian. Izen-ematea doakoa da establezimenduan bertan, eta 15 lagunentzako tokia dago.

Ekainaren 8an, asteartea, Urkaregi jatetxeak Sergio Humada sukaldari donostiarraren afaria hartuko du. 2020ko Gipuzkoako sukaldari onenaren Gastro Talentua saria jaso zuen Humadak, eta 20 urte besterik ez zituela ireki zuen bere lehen jatetxea. Bera Bera, Alma Hotels eta Via Veneto jatetxeetan sukaldari izan da, eta bere azken proiektuak, Casa Humada, produktua, tradizioa eta bilakaera uztartzen ditu. 35 lagunek bere proposamenez gozatu ahal izango dute 21:00etatik aurrera Urkaregin, aldez aurretik izena eman eta 55 euro ordainduta.

Ekainaren 18an, larunbata, sukaldari zaletuenek pil-pil erako bakailao lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, Bacalaos Alcortak babestuta. Lehiaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da Orbe Kardinalaren plazan, eta bikoteka lehiatu ahal izango da, gehienez ere 20 bikote. Izen-emateak 20 euroko prezioa du talde bakoitzeko, eta Mahasti ardotegian bete ahal izango da.

Larunbatean bertan, 11: 00etatik aurrera, KM0 produktuen azoka izango da plazan, eta bertan, besteak beste, Euskalsagardoa, ogia, gozoak, gaztak eta barazkiak ikusteko eta dastatzeko aukera izango dugu.

Jardunaldiei amaiera emateko, ekainaren 23an, osteguna, ardo dastaketa egingo da Mahasti ardotegian, 19:00etan, Tobelos upategiarekin. Jarduera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da establezimenduan bertan, 15 plazatara mugatuta baitago.