Bullying-aren aurkako doako tailerrak Ermuan
5 eta 12 urte bitarteko ehun bat haurrek parte hartu dute Ermuko Udalak bertako Sonkei judo klubarekin eskaintzen dituen doako prestakuntza-tailerretan. Zehazki, prestakuntza-jarduera horiek Aritzmendi pilotalekuan egin dira, eta, Udaleko Kirol Arlotik ziurtatu dutenez, irakasle akreditatu eta tituludun batek eman ditu, bullying-aren aurkako, eskola-jazarpeneko eta haurren defentsa pertsonaleko gaietan.
Tailer horien helburua da haurrei hainbat tresna ematea, behar bezala erreakzionatzen jakin dezaten eta eskola-jazarpeneko egoeretan beren burua defendatu ahal izan dezaten. Programa ikastetxeetan inplementatutako beste praktika batzuekin osatzen eta kohesionatzen da, hala nola, TEI metodoarekin - Espainian gehien inplementatzen den eskola-indarkeria eta -jazarpena prebenitzeko bizikidetza-programarekin - edo KiVa metodo finlandiarrarekin, zeinak ekintzaz edo ez-egitez indarkerian laguntzen dutenengan eragiten baitu, biktimaren eta jazarlearen arteko harremanean zentratu beharrean. Hau da, jazarpenaren lekukoak inplikatzen dira arazoa konpontzean: liskar-egoeretan barre egiten edo horiek sustatzen dituzten ikaskideak eta beldurragatik edo beste edozein arrazoirengatik inplikatzea saihesten dutenak.
Prestakuntzak zati teorikoa eta fase praktikoago bat uztartzen ditu. Hala, ikasleek jazarpena adierazteko moduei buruzko informazioa jaso dute (hitzezkoa, soziala edo bazterketazkoa, psikologikoa, sexuala, fisikoa eta zibernetikoa), eta, ondoren, jolas eta jardueren bidez, indarkeriazko egoera horiei aurre egiten eta horietatik erator daitezkeen gatazkak konpontzen ikasi dute.