Gero eta ohikoagoa da egiten diren erosketak bakoitzaren etxebizitzara heltzea. Bezeroak erositakoa etxean bertan izatea. Eta ohitura berriei beharreko erantzunez emanez, Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak (GME) akordio bat lortu du paketeria-enpresa garrantzitsu batekin bazkideei etxez etxeko banaketa zerbitzu berria eskaintzeko. Horrela, ekimenagaz bat egiten dutenek euren produktuak balio erantsiarekin eskainiko dituzte, "hau da, bezeroak bere erosketa etxean jasotzeko aukera" izango dute.
GME-k jakin badaki tokikomerkataritza sustatzeko, bultza-tzeko eta laguntzeko ahalegina egiten, "zerbitzu berri bat" sortuz. "Tokiko merkataritzari lagun-tzeko neurri garrantzitsutzat" jo dute elkarteko arduradunek ezarri den zerbitzua. Apirilaren 11tik aurrera, ekimen honegaz bat egiten dutenek "balio erantsia gehituko diete euren negozioei eta erosketak erraztuko diete bezeroei". Astelehenetik ostiralera arte emango dute aukera, goizez 09:30etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:30etatik 19:00etara arte.
Ibilbide ezberdinak diseinatu dituzte inguruko herrietara -Mundaka, Bermeo, Lekeitio, Mungia edota Morga, adibidez- heltzeko. Hala, bi izango dira egingo diren bidaiak: lehenengo ibilbidea, Gernika-Lumo, Forua eta Ajangiz lotuko ditu eta entregak egiteko aurreikusitako denbora 24 ordukoa izango da. Bigarrenari dagokionez, Gernika-Bermeo, Gernika-Lekeitio, Gernika-Bakio, Gernika-Mundaka, Gernika-Busturia, Gernika-Morga, Gernika-Errigoiti eta Gernika-Mungia hartzen ditu, eta 24 eta 48 ordutan egingo da banaketa. Parte hartzen duten saltokiek pegatina jarriko dute, bezeroek jakin dezaten zerbitzua eskaintzen dutela. Eta bezeroek inprimaki bat baino ez dute beteko zerbitzua jasotzeko.
Erronkei aurre egin
"Erronka berriei erantzuna ematen eta tokiko merkataritza erosteko lehen aukera bihurtzen saiatzen" direla zehaztu dute Gernikako Merkatari Elkartuak erakundeko ordezkariek, Horretarako, "berritu egin behar da, eta, horrela, Gernika-Lumon kontsumoa aktibatu". Hala nabarmendu du Gaizka Muniategi presidenteak. "On line merkataritza, erosketa-bonuak, Gabonetako kanpainak, azokak,... Ekimen asko ari gara aurrera ateratzen, eta orain etxez etxeko banaketa-zerbitzuaren txanda da, funtsezko ekimena", azaldu du azkenik Muniategik.