Eukaliptoaren hedapena geldiarazteko eta 2025eko abenduaren 31ra arte espezie horren landaketa debekatzeko luzamendua izapidetzen hasi da dagoeneko.

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean eukaliptoaren hedapena geldiarazteko xedea duen luzamendua izapidetzen hasi da. Luzamendu hori indarrean dagoen Mendien Foru Arauan txertatuko da, xedapen gehigarri gisa. Testu hori jendaurrean egongo da orain, alegazioak aurkeztu ahal daitezen, eta espezie horren landaketa 2025eko abenduaren 31ra arte mugatuko du.

Hala, adierazi du data horretara arte xedapen hau indarrean sartu aurretik onesten diren edo xedapena indarrean sartu aurretik izapidetzen ari diren eta azkenik onesten diren eukalipto-birlandaketak bakarrik baimenduko direla. Landaketa horietarako betearazpen-epea 30 egun naturaleko epean amaituko da, xedapen hori indarrean sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Horrez gain, luzamenduan era berean ezartzen denaren arabera, denbora-tarte berean (2025eko irailaren 31ra arte), eukalipto-birlandaketak bakarrik baimenduko dira lursailean aurretik nagusiki espezie honek osaturiko baso-masa bat egon bada (hau da, baso-masa osoaren % 50 baino gehiago eukalipto handien —7,5 zentimetroko edo gehiagoko diametroa dutenak— oinak badira), "baldin eta aurreko landaketak indarrean dagoen sektoreko legerian xedatutakoaren arabera gauzatu badira". Edonola ere, ez da baimenduko eukaliptoarekin birpopulatu beharreko azalerak aurretik espezie horrekin landaturiko azalera gainditzea.

Aldundiak jendaurreko kontsulta-prozesu bat egin du luzamendu hori ezartzeko aukerari eta egokitasunari buruz. Prozesu horretan hainbat erakunde sektorialek, hainbat ekoizle eta ingurumen-kolektibok, komunitate zientifikoak eta teknikoak eta partikularrek hartu dute parte, eta erakunde eta pertsona horien guztien iritziak bildu dira.

Orain proiektua jendaurrean jarriko da eta, alegazioak aurkezteko epea bukatutakoan, Aldundiak jasotako alegazioei erantzun beharko die, eta luzamendua izapidetzen jarraituko du, eta Batzar Nagusietara helaraziko du. Erakunde hori arduratuko da luzamendua behin betiko onesteaz. Onespen hori 2022ko lehen hiruhilekoan gertatu beharko litzateke.

Mendien Foru Arauari egindako xedapen gehigarri honek beharrezko lege-euskarria ezartzen du eukaliptoaren baso-erabilera arautzeko eta haren hedapena geldiarazteko, espezie hori landatzeko muga Mendien Foru Arau berrian jaso ahal izateko xedearekin. Arau hori gure lurraldeko baso-kudeaketa iraunkorraren egungo eta etorkizuneko errealitateetara egokitu eta eguneratuko da.