Asteazken honetan onartu da Bizkaiko Batzar Nagusietan Bizkaiko toki-erakunde txikietako auzo-alkateak hautatzeko jarraibideak eta baldintzak zehaztuko dituen araua. Lurralde honen kasuan, lau pedania daude: Belandia, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti eta Mendeika. Horiek guztiek osatzen dute Ruzabalgo Batzarra (Orduña).

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Elixabete Etxanobek arau hori onartzearen garrantzia azpimarratu du, orain arte erabili ez den Bizkaiko Lurralde Historikoaren berezko ahalmenak erabiltzea dakarrelako.

Testuaren xedapen-atala bost kapitulutan egituratuta dago, eta guztira hogei artikulu, bi xedapen gehigarri eta hiru azken xedapen ditu.

Zehazki, lehen kapituluan, hautesletzat hartzen diren pertsonak eta hautagai izan daitezkeenak aipatzen dira, eta hautaezintasunaren eta bateraezintasunaren arrazoiak adierazten dira. Bigarrenean, 'hauteskunde-antolakuntza' deiturikoan, hauteskunde-barrutiak eta hauteskunde-administrazioa zehazten dira. Era berean, Bizkaiko toki-entitate txikietako auzo-alkateak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdiari buruzko aurreikuspenak jasotzen ditu; noiz egingo den zehazten du, eta data hori bat etorriko da udal-hauteskundeekin eta Batzar Nagusietarako hauteskundeekin, eta hautagai-zerrenden aurkezpenari eta hautagai faltaren aurreikuspenari buruzko gaiak arautzen ditu.

Hirugarren kapituluak, 'Bozketa eta Zenbaketa' izenburupean, hauteskunde-egunean eta auzo-alkatearen aldarrikapenean kontuan hartu beharreko aurreikuspen guztiak jasotzen ditu bere artikuluetan, eta, hautagairik izan ez duten toki-entitate txikientzat, aukeratutako pertsonaren berariazko onarpena eduki beharra jasotzen du. Laugarrena, kargu-hartzeak, agintaldiak zein hautetsi falta, uko egitea, heriotza edo titularraren desgaitasuna eta titular horri bere eginkizunak aldi baterako betetzea galarazten dion absentzia edo eritasuna arautzen ditu. Eta, azkenik, bosgarrenak alderdi politikoei, koalizioei, federazioei eta hautesle-elkarteei hauteskundeetarako dirulaguntzak ematearekin zerikusia duen guztian sakontzen du.

Bizkaiko entitate txikietako auzo-alkateak aukeratzeko Foru Araua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera sartuko da indarrean.