Astelehen honetan arratsaldean, Bizkaia Frontoiak Bizkaia Kirolak Sarien gala berri bat jaso du. Sari hauek lurraldeko oinarrizko kirolean egiten den lana goraipatzen dute.

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaian oinarrizko kirolean jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko eta sustatzeko egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeei emandako sarien banaketan parte hartu dute.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eskerrak eman nahi izan dizkio lurraldeko kirol-sare osoari pandemia garaian ere egin duen ahaleginagatik eta lanagatik; "Bizkaia osoa harro dago" esan du. Unai Rementeriak nabarmendu duenez, aintzatespen honen finalistak eta irabazleak sari bikoitzaren isla dira, krisi honetan eustearen eta egindako ahaleginaren saria, aldi berean maila onean lehiatuz. Rementeriak adierazi du Bizkaiko kirol-sarea osatzen dutenen lana ezinbestekoa dela: "gizarte honi laguntzen ari zarete, osasuntsuagoa, kohesionatuagoa eta berdinzaleagoa izan dadin". Ahaldun Nagusiak esan du pandemiaren osteko susperraldia kirolean ere gertatu behar dela eta, horregatik Aldundiak lurraldeko kirol-sistemarekin duen konpromisoaren erakusgarri, Rementeriak azaldu du 20 milioi euro baino gehiago inbertituko direla udaletako eta eskualdeetako kiroldegiak eta era guztietako kirol-zentroak hobetzeko, eta horietako 10 milioi Aldundiak jarriko dituela.

Sarituen izenak ekitaldian zehar azaldu dira eta, ondorioz, sarituen eta haien laguntzaileen emozioa agerian geratu da sariak banatu bitartean. Ekitaldian gainera Harrobi dantza bertikalak eskainitako emanaldiaz gozatu ahal izan dute bertan izan direnak.

Oraingoan sei erakunde edo pertsona saritu dituzte sei kategoriatan: banakako kirolean Ivan Mediavilla López (Taekwondoa); taldeko kirolean Leioa Waterpolo Taldeko emakumezko helduen taldea; Oinarrizko Kirolaren arloko arbitro kategorian irabazlea Carmelo Astigarraga Zaldibar izan da (Txirrindularitza); entrenatzailearen saria José Javier Condek irabazi du (Atletismoa); eta erakunde mailan Club Deportivo Bilbao izan da garailea. Eta azkenik, zuzendaritzako pertsonalaren kategorian, Julio Alegria Artiach (Padel).

Sarituek iazko Bizkaia Kirolak Sarien irabazleengandik jaso dituzte sariak (Jone Magdaleno Albizu, taekwondoko borrokalaria; Mario López Villalibre, saskibaloiko entrenatzailea; Josu Hernández, Berango Atletismo Taldekoa; Naia Fernandez Veiga, Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club-eko Escuela Jose Luis de Ugarte taldekoa; eta Fernando Oteo Fernández, mahai-teniseko arbitroa). Sari banaketa Virginia Berasategik eta Jon Gomezek gidatu dute.

Foru erakundeak 50 eskaera baino gehiago jaso ditu 2021eko Bizkaia Kirolak Sarien kategoria desberdinetarako.

2021. urteko Bizkaia Kirolak Sariek 1992 eta 2006 urteen artean jaiotako Bizkaiko kirolariek 2020an lortutako kirol-merituak aintzatesten dituzte, bai eta oinarrizko kirolari emandako laguntzagatik nabarmendu diren teknikariak eta erakundeak ere. Edizio honetan sei kategoria saritu dira: talde-kirola, kirolaria, arbitroa, entrenatzailea, zuzendaritzako pertsonala eta/edo laguntzaileak eta kirol-erakundea, pandemian zehar pertsona guztientzat eskola-kirolean, kirol federatuan eta kirolean herritarren kirol-praktika ziurtatzera bideratutako ekimenengatik.

BIZKAIA KIROLAK SARIAK 2021 EKITALDIKO FINALISTAK

Talde-kirolaren kategorian, hauek dira finalistak:

  • Leioako Waterpolo taldeko emakumezkoen helduen taldea
  • CDR Kaiku klubeko emakumezkoen gazteen taldea

Banakako kirolaren kategorian:

  • Eder López Vázquez (Hipika)
  • Iván Mediavilla López (Taekwondoa)

Arbitro kategorian:

  • Carmelo Astigarraga Zaldibar (Txirrindularitza)
  • Irene Ortiz (Pilota)
  • Rafael Ozaeta Oroño (Boxeoa)
  • Ramón Córdoba Días de Laspra (Lineako Patin-Hockeya)

Entrenatzailearen kategorian, honako hauek dira finalistak:

  • Arturo Magdaleno Ruiz (Taekwondoa)
  • Jesús del Valle Calle (Boxeoa)
  • José Javier Conde (Atletismoa)
  • Isidoro Hernández Luego (Atletismoa)

Erakunde-kategoriako sarirako hautagaiak honako hauek dira:

  • Club Deportivo Bilbao
  • Club de Gimnasia Rítmica Sakoneta
  • Club Loyola Indautxu
  • Gimnasio Escuela The Masters

Azkenik, zuzendaritzako pertsonalaren kategorian honako hauek dira finalistak:

  • Aingeru Astorkiza - Gorka Santibañez (Emakumezkoen Eskubaloia)
  • David Rojo Alaña (Motoziklismoa)
  • Igor del Busto Madariaga (Tenisa)
  • Julio Alegria Artiach (Padela)