Síguenos en redes sociales:

Dantza, musika eta umorea, Basauriko Social Antzokian

Zuzeneko programazioa irailaren 25ean itzuliko da, hainbat antzezlanekin

Dantza, musika eta umorea, Basauriko Social Antzokian

Basauriko Social Antzokiak kalitatezko programazioaren aldeko apustua egiten jarraituko du datorren denboraldian. Horrela, Basaurira antzerki, umore, musika eta dantza lanak hurbiltzeko apustua egin du antzoki basauritarrak irailetik aurrera. Izan ere, irailaren 25ean itzuliko da zuzeneko programazioa.

Berriro ere, programazioak mota guztietako ikusleentzako eskaintza izango du, Euskal Herriko eta Estatuko izen ospetsuz betetako kartel batean gainera. Besteak beste Ramón Barea, Malena Alterio, Juan Diego Botto, Irene Bau, Javier Gutiérrez, Eneko Sagardoy, Ignatius Farray, Pepín Tre edo Itziar Lazkano hurbilduko dira Basauriko antzokira hilabete horietan.

Basauriko Social Antzokiak zuzeneko ikuskizunen programazioari ekingo dio berriz ere, Porco, Los Anisakis taldearen (Joan Estrader & Jesus Peñas) obra taularatuz. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Urriaren 2an Dead dantza ikuskizuna antolatu da eta Lasalaren eskutik ailegatuko da Basauriko Social Antzokira (20:00etan). Urriaren 12an, Basaurin denboraldiko euskarazko muntaietako bat izango da ikusgai, Kutsidazu bidea Ixabel lanaren bertsio musikala, Txalo Teatro eta Demode taldeen eskutik (20:00etan).

Urriaren 16an beste antzezlan baten txanda izango da. Ignacio del Moralek, Fernando Fernan Gomezen El viaje a ninguna parte lanaren egokitzapena ekarriko du basauritarren antzokira, arratsaldeko zortzietan, Ramon Barearen zuzendaritzapean. Urriko programazioa Glu Glu konpainiaren Perez Sagutxoa haurrentzako ikuskizunarekin osatuko da, 12:30etan.

Ignatius Farray umorista azaroaren 5ean iritsiko da Basaurira. Social Antzokitik azaldu dutenez, "Ignatiusek 12 urte baino gehiago daramatza umorezko bakarrizketak egiten, eta oraindik ere pentsatzen du bere estilo lotsagabea komedia egiteko modurik egiazkoena dela". Hurrengo egunean, programazioan beste antzezlan bat eskaintzen dute; Principiantes (de qué hablamos cuando hablamos del amor). Javier Gutiérrez, Mónica Regueiro, Daniel Pérez Prada eta Vicky Luengo antzezleak igoko dira agertokira obra honetan.

Azaroaren 20an Pepin Treren umore sailkaezina iritsiko da Social Antzokira. Musikari eta umorista beteranoak ikuskizun interesgarria ekarriko du Basaurira. Musika eta umorea nahasten ditu, oso umore berezia. Azaroaren 26an Maitasunaren Itxiera antzezlana aurkeztuko da Basaurin. Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy dira protagonistak. Euskaraz izango da, 20:00etatik aurrera.

Urteko azken hilabetean, abenduaren 3an musika itzuliko da agertokira, Bertso & Musika: Koplariak koplari, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen kon- tzertuarekin. 2021eko programazioa bi antzezlanekin amaituko da. Alde batetik, 26an, Los que hablan, Malena Alterio eta Luis Bermejorekin. Hilaren 30ean, berriz, Una noche sin luna, Juan Diego Bottoren eskutik.

Iraila eta urrirako programatutako ikuskizunen sarrerak salgai daude ohiko saltokietan: antzokiko leihatilan, socialantzokia.eus webgunean edo www.kutxabank.es. 2021eko ikuskizunen gainerako programazioa laster jarriko da salgai, oraindik zehaztu gabe dagoen data batean, eta ohiko informazio bideetatik iragarriko dute.