Gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei laguntza eskaintzeko Hegan eta Hegalak programekin bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak. Adsis Fundazioak martxan jarritako bi programa hauek larritasun eta narriadura handiko egoerak dituzten pertsonei lagunduko die baita ere.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak garatzen dituen programa aitzindari eta berritzaile horien bidez pertsona bakoitzari tratamendu berezia ematen zaio, eta pertsona horren beharrizan guztiei begirada integrala eskaintzen zaie. Bi programen artean, 71 pertsonari eman zaie arreta.

Zehazki, Hegan proiektuak bi urteko jarduera du, eta zubi-lana egiten du bazterkeria-egoera larrian dauden pertsonentzat, Foru Aldundiaren gizarteratze-zerbitzuetarako sarbidea erraztuz. 32 pertsonari eskaini zaizkie laguntza eta arreta.

Bestalde, Hegalak programa covid-19ak eragindako konfinamendu edo itxialdiaren barruan abiarazi da eta kalean bizi diren eta zaurgarritasun handi-handia duten pertsonentzako larrialdietarako baliabide legez sortu da. 2021. urtearen hasieran baliabideari jarraipena eman zitzaion eta gaur egun martxan jarraitzen du. Egoitza-programa bat da, erabiltzaileei gaua igarotzeko aukera ematen diena, bai eta haien oinarrizko beharrizanak asetzeko arreta eta zerbitzuak ere. Azken hiru hilabeteotan, proiektuak 715 gau-igarotze eta laguntza eskaini dizkie etxerik gabeko eta larrialdi-egoeran dauden 39 pertsonari.

Aipatutako foru saileko diputatu eta sailburua den Teresa Laespadak azaldu duenez, "ez du balio bere horretan gelditzeak eta jendeak huts egiten duela pentsatzeak", eta, beraz, beharrezkoa da politika berritzaileak egitea laguntza eskatzen ez duen jendearengana iristeko, pertsona horiek ez baitira jabetzen zein larria den bizi duten egoera, edo ez direlako gai bizitzak eskatzen dien aldaketarako prestatzeko. "Pertsona horiengana hurbiltzen gara eta entzun egiten ditugu, eta gure laguntzaren eta babesaren bidez euren bizitzan gertatzen ari den aldaketarako motibazioa har dezaten ahalegintzen gara", gaineratu du.

Bestalde, Bizkaiko Adsis Fundazioaren proiektuen koordinatzailea den Manolo Garridok adierazi duenez, pertsona horiek "gaixotasun mental oso mugatzaileak dituzte, autonomia falta, familia desegituratuak, informazio falta, egoera judizialak, kaleko egoera, toxikomaniak..." eta batzuetan genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak ere badira. "Mutur-muturreko egoera ahulean daude", azpimarratu du.

AITZINDARIA ETA BERRITZAILEA

Hegan proiektua zerbitzu aitzindari eta berritzailea da, eta konfinamendu edo itxialdian zehar eta ondorengo egunetan laguntza-jarduerak garatu ditu: harrera, behin-behineko ostatua, euste emozionala eta gizarte-arreta indibidualizatua, araurik eta formalismorik gabe. Pertsona horiek agerraldi psikotikoak, abstinentzia-sindromeak, desintoxikazio-prozesuak, muga funtzional larriak edo jarrera autosuntsitzaileak jasaten dituzte. Hegalak programak esku-hartze horiek osatu ditu, eta pertsona horiei beroa, higienea eta konponketarako aukera eskaintzen dizkien espazio edo gune bat ematen die, ostatu bat, azken batean.