Bizkaiko errepideen jardunbidea arautzen duen foru araua 1999an onartu zen, eta partzialki aldatu zen 2011n. Azken aldaketak egin eta hamar urtera, Bizkaiko Foru Aldundiak eguneratzea proposatu du, garai honetan araudi, gizarte eta teknologia arloetan gertatu diren aldaketa ugariei egokitze aldera.

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du araua, eta Batzar Nagusietara bidaliko du, eztabaidatu eta, hala badagokio, onartzeko.

"Foru arau berri honek araudi moderno eta eguneratu bat eman nahi die Bizkaiko errepideei, bide azpiegituren plangintzan, kudeaketan eta ustiapenean dauden erronkei erantzun ahal izateko. Horien erabilera egokia bermatu nahi da, errepidearen erabiltzaile guztien beharrei erantzun ahal izateko; horrez gain, mugikortasun jasangarriko irizpideak sartu eta presako jarduketa eta obren administrazio-kontroleko teknikak leundu behar dira, besteak beste", azaldu du Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak.

Arau-testuak, funtsean, errepideen plangintzarekin eta ustiapenarekin lotutako alderdiak jorratzen ditu. Errepideen plangintzari dagokionez, proposatu diren aldaketek lau eremutan dute eragina:

  1. Errepideen hierarkizazioa eta sailkapena. Beharrezkoa da sarearen katalogoa aldatzea, errepide jakin batzuen atxikipena errepideok dauden kategorietara egokituz (lehentasunezko interesa, eskualdekoa, tokikoa), hierarkizazio eta sailkapen hori gaur egun errepideok betetzen duten funtzionaltasun errealarekin koherentea izan dadin.
  2. Errepide-obrak finantzatzea. 3/2010 Foru Arauan jasotzen diren zehaztapenak sartu dira; horrela, azpiegitura berriak eraikitzeari ekiteko gaur egun erabilgarri dauden finantzaketa-mekanismoak gehitu dira, baliabideen jatorriaren arabera bereizita, aurrekontu-iturrietatik (zergadunak) edo aurrekontuz kanpoko iturrietatik (erabiltzaileak). Lehenengo mekanismoak plangintza posibilista dakar, hau da, ez du aukerarik ematen inbertsioak gauzatzeko epe zehatzik ezartzeko, aurrekontu-baliabideen mende baitago. Bigarren mekanismoak, diru-sarrerak egonkorrak eta bermatuak direnez, plangintza determinista dakar, ahalako moldez non plan ekonomiko-finantzario baten ondorioz azpiegiturak abian jartzeko epeak ezar baitaitezke.
  3. Errepideen Lurralde Plan Sektorialaren edukia eta izapidetze-prozedura, bai eta hura berrikusi eta aldatzeko prozedura ere.
  4. Edukia bide-azpiegituren segurtasunaren kudeaketari buruzko lege-eskakizun berrietara eta Bizkaiko Errepideen LPSa egiteko jarraibide eta irizpide orokorren dokumentuan jasotzen diren zehaztapenetara egokitu da. Agiri hori Batzar Nagusietako Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Batzordeak onartu zuen 2019ko urtarrilaren 11n.

Izapidetze-prozedurari dagokionez, azken urteetan gertatu diren lege-aldaketetara egokitu behar izan da, ingurumen-ebaluazioari eta lurralde-antolamendurako planak onartzeko prozeduren erregulazioari eragiten baitiote, besteak beste.

Errepideetako obrak tipifikatzea. Obra-moten zerrenda eguneratu da, azken urteetan gauzatu diren obra-mota berriak sartzeko, betiere errepide-mota berriak, heldu diren urteetan garatuko diren teknologia berriak eta ingurumen arloko eta gizarte arloko sentsibilitate berriak kontuan hartze aldera. Zerrenda horretan kokatu beharko dira Errepideen Lurralde Plan Sektorialaren barruan egiten diren jarduera-proposamenak.

Ustiapenari dagokionez, 'ustiapen' kontzeptua errepidearen erabilera eta defentsa gisa ulertuta, zenbait alderdirekin zerikusia duten alderdiak eguneratu dira. Honako hauek dira alderdiok: mugak, baimenak, hiri-tarteak eta zeharbideak, udalerrien titulartasun-transferentziak, eta errepideari eragiten zaizkion kalteen eta zerbitzuan izaten den eraginaren ondoriozko erantzukizuna. Jendeari irisgarritasun iraunkorra errazteko zerbitzua ematearekin lotuta dago.

Mugikortasun-eskariaren kudeaketaren arloan, azpiegituren kudeaketaren arloan eta azpiegituren babesaren arloan oinarriturik dagoen zerbitzua da.