BILBO. Asteazken honetan, ekainak 2, Enkarterriko hamar udalerritako 32.000tik gora pertsonari zerbitzua emango dien Zallako suhiltzaile-etxea inauguratu egin du Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak.

Rementeriak adierazi du suhiltzaile-etxe berri honen bidez Enkarterri hobetzeko beste aurrerapauso bat eman dugula: "suhiltzaile-etxe hori Bizkaiko Foru Aldundiak Enkarterrirekin daukan konpromisoaren adierazgarri da. Aldundiak Enkarterrirengan sinesten duelako eta Enkarterrin inbertitzen duelako. Eta suhiltzaile-etxe horrek hemen bizi diren herritar guztien bizitza hobetuko duelako. Suhiltzaile-etxe honetako suhiltzaileek zerbitzu azkarragoa, eraginkorragoa eta seguruagoa eskaini ahal izango diete".

SEGURUAGO, ERAGINKORRAGO ETA AZKARRAGO

Parke berria Gallardi auzoan dago, 5.800 metro karratuko lursail batean, Cadaguako korridorerako sarbidearen ondoan. Aurrekoa 1974koa zen eta mendebalderago zegoen, Zalla eta Balmaseda arteko mugan.

Suhiltzaile-etxe berriko instalazio modernoetan erraz sartzen dira eskualdeko suhiltzaileen ibilgailu guztiak; gainera, kokapen berriari esker suhiltzaileak azkarrago helduko dira ezbeharretara. Alde batetik, korridorearen ondoan dago, hau da, lehen mailako errepide azkar eta arinaren ondoan, eta horrela suhiltzaileak erraz heldu daitezke inguruko udalerri guztietara. Bestetik, azken urteotan populazio-gune nagusiak sortu diren lekuetatik hurbilago dago, hau da, arrisku populazio-gunetik gertuago. Izan ere, eskualde honetan urtean 300 interbentzio inguru egiten dira eta bi herenak Zallan, Balmasedan eta Güeñesen izaten dira.

Larrialdi-abisuetan suhiltzaile-taldea azkar mobilizatzea errazteaz gain, haren kokapenak seguruagoa egingo du ibilgailuetara sartzea eta ezbeharretan esku hartzeko irteerak martxan jartzea. Halaber, larrialdietako ibilgailu astunak errazago aparkatu ahal izango dira eta errazago mugitu ere bai; gainera, albo-alboan izango dute komunikaziorako bide lasterretarako sarbidea. Orobat, pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna hobetuko du babes zibileko ezbeharretan, baldin eta babes zibila horietan inplikaturik badago eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak esku hartu behar badu.

Inguruko udalerrietan gertatzen diren larrialdietan esku hartzeaz gainera, instalazio honetako suhiltzaileek Bizkaiko beste etxe batzuetako suhiltzaileei ere lagunduko diete baliabide gehiago behar dituztenean. Jakina, behar denean, alderantziz ere gertatuko da.

INSTALAZIO BERRIAK

Zallako suhiltzaile-etxe berria 5.800 m²-ko lursail batean dago. Eraikinek 1.300 m² hartzen dituzte. Eraikin nagusiak 815 m² erabilgarri dauzka. Bi solairu daude. Behekoan guardia-postua, bulegoak, aldagelak eta ikasgela daude; lehenengoan, berriz, gimnasioa, gelak, egonlekuak eta sukaldea daude. Eraikin osoa funtzionaltasunari arreta berezia jarriz diseinatu da, ezbeharren bat gertatzen denean ahalik azkarren erantzuteko.

Eraikinak kalifikazio energetiko gorena dauka (A); energia geotermikoa erabiltzen da berokuntzarako eta hozteko zoru-sistema erradiatzailearen bidez.

Horri erantsitako beste eraikin batean garajea dago; honen estetika industrialagoa da. Suhiltzaileen ibilgailuak bertan gordetzen dira: hiriko ponpa-auto astun bat, basoko ponpa-auto astun bat, ponpa-auto ama bat, autoeskala erabat automatiko bat, hainbat tresna eramateko furgoi bat, lur orotako ibilgailu bat eta aginte-auto bat. Gainera, ekipamendua eta tresnak gordetzeko biltegia ere badago; bertan gordetzen dira elurra kentzeko hortzak, ponpak, harea-orgak, gatz-barreiagailuak eta gainerako guztiak. Eraikin horiez gainera entrenamenduak eta maniobrak egiteko eremua dago, bai eta ariketa-dorrea ere (sotoa, beheko solairua eta goiko lau solairu).

Langileei dagokienez, Zallako suhiltzaile-etxeko berriko zuzkidura egungoa bera da: sei kabo, hogeita hamar suhiltzaile eta bi sarjentu, Uriosteko (Ortuella) zonaldeko buru batek koordinatuta.

ZORTZI SUHILTZAILE-ETXE BIZKAIKO ZORTZI ESKUALDEETAN

Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan 430 pertsona ari dira lanean. Guztira zortzi suhiltzaile-etxe daude, bat eskualde bakoitzean: Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Gernika-Lumo, Zalla, Markina eta Derio.

1970. urtean ireki ziren lehen suhiltzaile-etxeak Gernika-Lumon, Durangon eta Trapagaranen. Lau urte geroago Galdakao, Getxo eta Zallakoak ireki ziren. 1985. urtean Markinakoa ireki zen eta hurrengo urtean Mungiakoa.

90eko hamarkadan Aldundiak erabaki zuen instalazioak egokitu behar zirela eta Lurraldean eraikitako errepide berrietara aldatu behar zirela, batez ere autobideetara. Hala, 1992. urtean Trapagarango suhiltzaile-etxea kendu eta instalazio zentrala eraiki zen Uriosten (Ortuella); 1997. urtean Getxoko suhiltzaile-etxea Artazara (Leioa) aldatu zen. 1994. urtean Uriosteko suhiltzaile-etxean Komunikazioen Zentroa ezarri zen; harrezkero bertan biltzen da Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak behar duen informazioa eta bertan kudeatzen dira Zerbitzuaren jarduketa guztiak. 2019. urtean, suhiltzaile-etxe horretan bertan, Aldundiak 'Bizkaia Prest' ezarri zuen, Bizkaiko larrialdiak kudeatzeko zentro integrala; Aldundiko Mendien Zerbitzuaren larrialdiak ere hortik kudeatzen dira.

Zallan Enkarterriko suhiltzaile-etxe berria abian jartzea (eta Arratzun egiten ari den Busturialdeko suhiltzaile-etxe berria amaitzea) Aldundiaren proiektu estrategikoa legealdi honetarako, Goazen 2030 dokumentuan azaltzen den bezala.