BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteen Estrategiako programek lurraldean egoera zaurgarrian dauden 18 eta 23 urte bitarteko 1.287 gazteri eman diete arreta. Ekimen hau 2018ko uztailean abiarazi zuen Aldundiak.

Gazteen Estrategiaren bidez Bizkaian gizarte bazterketa egoeran dauden edo egoera horretan egoteko arriskuan dauden gazteei laguntzen zaie autonomoak izan daitezen, helduaro oso eta duina izan dezaten eta administrazio publikoen tutoretzarik gabe bizitzeko gai izan daitezen.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak, Teresa Laespadak, gaur goizeko prentsaurrekoan estrategiaren balantzea aurkeztu du. Estrategia hori egun bizi dugun egoeran eta antzekoetan gazteei laguntzeko da, izan ere, egoera "ezegonkorra, gizarte, kultura, politika eta ekonomia aldaketa handikoa baita", eta, gainera, Euskadiko emantzipazio adina 30 urtekoa da.

"Egoera oso zaila da desberdintasunak eta gizarte desabantailak jasaten dituzten gazteekin lan egiten dugunean. Gazte horiek ia-ia jaiotzen direnetik edo haurtzaroan zehar desberdintasunak bizitzen dituzte. 18 urte betetzen dituztenean ez dute familia abegitsurik izaten prestatzen jarraitzeko eta helduarora igarotzeko (asmatzeekin eta hutsegiteekin, noski). Arrakala oso handia da. Gazte horiek babes sistematik ateratzen dira eta ez dute familiaren laguntzarik jasotzen. Erakundeok lagundu behar diegu", azaldu du.

2001ean 15 eta 29 urteko gazteak Euskadiko biztanleen % 21,6 ziren eta 2020an, aldiz, % 13. Borobilduta, 20 urtean 163.000 gazte galdu ditugu.

"Pertsona horiek behar ditugu pertsona guztiak behar ditugulako. Inor ez dago soberan, eta are gutxiago eskaintzen dizkiegun aukerak eta laguntzak aprobetxatzeko prest baldin badaude", azpimarratu du.

Gazteen Estrategiak "askotariko laguntzak ematen dizkie, ia-ia pertsonalizatuak" 18 eta 23 urte bitarteko gazte guztiei, izan ere, "eskubide eta duintasun" kontua da, noski, baina, gainera, gizartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ikuspegitik adimen kontua da baita ere, izan ere, gazte horiek guztiak beharko ditugu, beraien talentua, energia, gaitasuna, lana eta eskubide osoko kide gisa duten presentzia, eskubideak egikaritzen dituzten eta betebeharrak betetzen dituzte herritar gisa, hain zuzen ere.

Era berean, gazte zaurgarriei, gizarte bazterketa egoeran egoteko arriskuan daudenei edo gizarte bazterketa egoeran daudenei laguntzen zaie, bai atzerritarrei bai bertakoei, mutil eta neskei, eta horien artean daude indarkeria matxista jasan duten eta zaurgarritasun egoeran dauden gazteak ere.

Laespadak esan du "asko sufritu duten pertsonak direla eta iraganean zailtasun eta gabetasun asko izan dituztela", baina, era berean, "oso erresilienteak" direla eta "benetako pertsona ausartak direla, aurrera irteteko gogo asko dituztela eta hori miretsi behar dela".

LAGUNTZAK JASOTZEKO MODUA

Gazteen Estrategiaren laguntzak jasotzeko hiru modu daude. Bizkaiko Foru Aldundiaren Umeen Zerbitzutik sartu daitezke adinez nagusiak direlako, indarkeria matxistaren biktima izateagatik ere sartu daitezke, eta, azkenik, hirugarren sarbide mota aurretiazko balorazioa egin ondoren, gizarte bazterketa egoeran egotearen ebazpena jasotzea da.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bereziki gazte horiei zuzendutako diagnosirako tresna bat diseinatu du, eta modu horretan, pertsona bakoitzaren beharrak baloratzen dira eta beharrezko laguntzak egokitzen dira. Tresna horri balorazio oso positiboa eman dio Arartekoak orain dela oso gutxi aurkeztu duen txostenean ('Familiaren laguntzarik ez duten Euskadiko gazte migratzaileak. Diagnosia eta jarduketa proposamenak').

Jarduketak askotariko sakontasun eta ikuspegietakoak dira. Askotan prestakuntzari eta lanari buruzko erabakiak hartzeko laguntza ematen zaie, etxebizitza bilatzen eta osasuna zaintzen laguntzen zaie, eta azkenik, autonomoak izateko zailtasunei aurre egiteko laguntza juridikoa eta prestazio ekonomikoak ematen zaizkie.

Alor hauetan ematen zaizkie laguntzak:

  • Enplegurako prestakuntza, lan orientazioa.
  • Hezkuntza esku-hartzea: unibertsitate ikasketak egiteko laguntza akademikoak EHUrekin lankidetzan.
  • Etxebizitza edo egoitzazko plazak, hala behar izanez gero.
  • Eguneko zentroetako arreta, gizarte laguntza, gizarte eta hezkuntza esku-hartzea eta esku-hartze psikosoziala, artekaritza eta bitartekotza.
  • Bizitza independentea izateko laguntza, arreta pertsonala eta etxekoa, mantenurako osagarriak, arreta juridiko-administratiboa, aisialdia eta komunitate partaidetza sustatzea.
  • Prestazio ekonomikoak.
  • Eta adikzioen aurkako edo bestelako arrisku jokaeren aurkako programak.

ZIFRAK

Gazteen Estrategia martxan jarri zenetik hiru urte igaro dira, eta denbora horretan 1.287 gazteri lagundu zaie, eta gaur egun 724k jarraitzen dute laguntzak jasotzen. Programatik atera diren gazteen % 81 (574) helburu guztiak edo batzuk bete dituztelako irten dira. Hau da, bizitza autonomoa izateko trebetasunak eskuratu dituzte.

2021eko Gazteen Estrategiako programen urteko inbertsioa 6,9 milioi eurokoa da, eta horietatik 5,5 Gizarteratze Zuzendaritzarenak dira eta 1,4 milioi Enplegu Zuzendaritzarenak. Zuzendaritza biek zeharkako lan koordinatua egiten dute, logikoa den moduan.

Gazteen Estrategiaren giltzarrietako bat enpleguaren bitartez helduaro autonomoa izateko laguntze ematea da. Horregatik, estrategian gazteentzako enpleguko zenbait programa daude.

Gazte Onen 120 gazteri laguntzen zaie; guztiak prestakuntza moduluak edo enpresetan lanekoak ez diren praktikak egiten ari dira, eta askok enplegua lortzeko bermatutako aukerak dituzte.

Enplegu Azeleragailuak 124 gazteri lagundu die (69 gizon eta 55 emakume) eta gaur egun 50 pertsonari arreta ematen die (25 gizon eta 24 emakume). Programa horren xedea gizarteratze eta laneratzeko prozesuak azkartzea da, eta horretarako, gizarteratzerako eta lan orientaziorako laguntza ematen da.

Bukatzeko, irailean aurkeztu zen moduan eta udan egindako lanaren emaitza gisa aipatu behar da 75 gaztek Bizkaiko nekazaritzaren sektorean sasoikako langile gisa lan egin zutela, eta horri esker, lan egiteko baimena lortu dute eta batzuk oraindik ere kontratatu zituzten nekazaritza enpresetan lan egiten jarraitzen dute.