BILBO. Bizkaiko baso-ondarea ezagutzera emateko ibilbide didaktikoak antolatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Akarlandako atsedenlekuan. Ekimen hau Aldundiak martxan jarritako Bizkaia Egiten programaren barruan egingo da.

Helburu hori lortze aldera ibilbide didaktikoa ezarri da erraz iristeko moduko ingurune natural batean, aisialdi-eremu horren barruan, eta bertan 12 zuhaizti landatuko dira, gure lurraldean ohikoak diren landaredi-multzoak islatzen dituztenak. Ibilbidea ezartzeko arrazoia da Martintxuneko mintegitik gertu dagoela; mintegi horretan landare-materiala bildu da azken urteotan, 106 espezie autoktonotako landareak landatzeko.

Izan ere, ibilbidea modu zirkularrean diseinatu da Martintxune abiapuntu eta amaiera izan dadin; horrela, bisitaldiari amaiera emateko, baso-espezie batzuen laborantza-modua erakutsiko da eta ibilbidea bisitatzen den urte-sasoiaren arabera mintegiaren berezko jarduera nagusien tailerra egingo da (ereitea, aldaxkatzea, inausketa, transplantea...). Baina hori ibilbide didaktiko honek zeharkatzen dituen 1.560 metroak igaro ondoren izango da. Ibilbide horretan zehar zuhaitz-espezie nagusiek eta horien ondoan hazten diren beste batzuek osatzen dituzten landaredi-sail desberdinak ikusi ahal izango dira eta, horrela, Bizkaian dauden landaredi autoktonoko sistemak birsortuko dira (pagadi, harizti eta artadi mota desberdinak, haltzadi kantauriarrak eta sahastiak). Osagarri gisa bai fruituengatik, bai zur-ekoizpenagatik Bizkaian asko landatzen diren espezieak ere erakutsiko dira.

ZUHAIZTIEN EZAUGARRIAK

Landare-serieak atsedenlekuaren hegoaldean eta ekialdean landatuko dira, naturan aurkitzen dugun baso-egitura simulatuz, talde bakoitzerako 200 metro karratuko azalera erabiliz. Dena dela, zuhaizti horiek izango dituzten azalerak eta formak aldez aurretik inguruan dauden zuhaitzek baldintzatuko dituzte, landaredi horren zati handia bere horretan mantenduko delako eta sortuko den baso-unitatean sartuko delako.

Landare-sail bakoitzean protagonista den zuhaitz nagusiaren 9 eta 12 oin artean egongo dira, eta horien artean bigarren mailako zuhaitz-espezieak eta zuhaixka-espezieak tartekatuko dira, espezie horietako bakoitzaren 3 eta 4 alerekin.

Baso-landaketen landare-taldearen kasuan, eremu horretan badira zuhaizti bat sortzen duten espezie batzuetako ale helduak, hala nola Lawson altzifrea, intsinis pinua edo haritz amerikarra. Horregatik, landare-talde hori hegoaldean eta ekialdean instalatuko da, eta espezie bakarra hartuko du.

Zuhaitz-geruzaren estaldura handitzeko, eremu horretan espazio irekiak okupatuko dira intereseko espezie autoktono batzuen ale solteekin.

LANDARE-SERIEEN MOTAK

Naturan agertzen diren ezaugarriak islatuz edo kopiatuz landatuko diren landare-multzoak honako hauek dira:

  • Pagadi basofiloa. Mota honetako pagadietan, pagoaz gain, hagina eta hostazuria ikus daitezke. Zuhaixka-geruza urria du, eta, besteak beste hurritz, elorri garatxo-belar bakanak ditu.
  • Pagadi azidofiloa. Horietan zuhaitz-elementu ia bakarra pagoa da, eta batzuetan haritz, gurbeondo edo urkiren bat egon daiteke. Zuhaixka-geruza urria da eta gorostia edo hagina eta hagin zurkarak ditu.
  • Harizti mesofitikoa. Haritz arrunta da nagusi, eta batzuetan lizarra, astigarra edo ezkia bezalako beste batzuk ere agertzen dira. Zuhaitz txikiak ere badaude, hala nola hurritza edo gorostia, eta zuhaixka ugari ditu.
  • Harizti azidofiloa. Espezie nagusia, haritza, pagoarekin edo ametzekin nahas daiteke. Urkiak edo gurbeondoak eta gaztainondoa egon daitezke. Zuhaixka-geruza urria da.
  • Kantauriko erkameztia. Espezie ugariz osatutako basoa da. Erkametza da espezie nagusia eta astigarra, lizarra, hurritza eta gorostia ere ager daitezke. Zuhaixkak ugariak dira, eta horien artean aipatzekoak dira marmaratila, ipar-ipurua, elorri beltza eta binorria.
  • Harizti kandugabeak. Zuhaitz-konposizioa haritz kandugabean oinarritzen da espezie nagusi gisa, pagoak eta urkiak ere agertzen diren arren. Zuhaixken artean elorri zuria, oilakarana, gorostia, elorri beltza edo rubusa agertzen dira. Ohikoa da, halaber, ordezko txilardiak egotea.
  • Harizti-ameztiak. Horietan ametza da nagusi, eta gorosti, lertxun eta gurbeondoen ale solte batzuk ere ager daitezke, bai eta pago edo haritz komunen bat ere, eta inguruabar horrek inguruko pagadi eta hariztiekin kontaktuak edo trantsizioak daudela adierazten du.
  • Harizti ilaunkorrak. Zuhaitz-geruzari dagokionez ametz ilaunduna da nagusi eta egitura konplexua du, astigar arruntez, Montpellierko astigarrez eta lizarrez osaturiko estratu subarboreoen garapen nabarmenarekin. Zuhaixkak ugariak dira eta, horien artean, kotoneasterra, marmaratila, ipar-ipurua, elorri beltza eta binorria nabarmentzen dira.
  • Artadi kantauriarra. Zuhaitz nagusia artea da. Esparru honetan ereinotzak eta gurbitzak ia ez diote lehiarik egiten. Zuhaixka asko daude bertan, eta aipagarrienak binorria, txorbeltza, arrosondoa eta erratza dira.
  • Errondifolia-artadiak. Zurbeltza da nagusi, eta inguruan azaltzen dira ezpela, hego-ipurua, txorbeltza eta binorria.
  • Haltzadi kantauriarra. Haltzez, lizarrez eta sahatsen batez osatuta dago. Zuhaixkak ugariak dira eta, horien artean, ohikoak dira zuhandorra, hurritza, elorri zuria, basaerramua eta oilakarana.
  • Sahastiak. Tamaina txikiko arbolen zuhaiztia da, jarraitasunik gabekoa, sahats zuriz eta zume hauskorrez osatua, eta horiekin batera agertzen dira zuhaixka-sahatsak ere, hala nola, sahats hauskara eta sargatiloa.
  • Jangarriak ekoizten dituen basoa. Zuhaizti honetan landatuko diren espezieetako batzuk intxaurrondoa, gaztainondoa, mizpirondoa eta sagarrondoa dira.
  • Baso-landaketak. Inguru honetan agertzen diren espezieak intsinis pinua, Lawson altzifrea, eukaliptoa eta haritz amerikarra dira.