BILBO. Aurrerapauso garrantzitsu bat eman da Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Parke Teknologiko berrirako errepideak eraikitzeko lanetan. Pasa den ostegun eta ostiral gauetan, garabi handi batek lau habe jarri zituen N-639 errepidearen gainean. Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek lan horien nondik norakoak azaldu ditu.

"Etorkizuneko campus teknologikoaren eraikuntzak erritmo onean jarraitzen du. Sarbideetako obrak egiten hasi ziren lehendabizi, eta egunotan beste pauso bat eman da N-639 errepidearen gaineko biribilguneari eusten dioten taulak jarrita. Oso maniobra delikatua izan da, gau bakar batean egin ahal izan dute, eta 350 tonako garabi autopropultsatua erabili behar izan da ", azaldu du diputatuak.

Biribilgunea osatzen duten bi fabrika-obretako bakoitzaren taula hormigoizko eta altzairuzko egitura mistoa da, altzairuzko 2 kaxa-habe metalikoz eta hormigoi armatuzko lauzaz osatua. 4 kaxa metalikoak, bakoitza 25 bat tonakoa, 350 tonako garabi autopropultsatu baten bidez jarri dira. Lan hori ostegunetik ostiralera bitarteko gauean egin zen.

Kaxak jarri ostean, hormigoizko aurrelauzak (hormigoi aurrefabrikatuzko elementuak, lauzaren hondoa osatzen dutenak) jarriko dira laster. Jarduketa hori astebete inguru iraungo du, egunez egingo da, eta tarte horretan N-639 errepideko noranzkoetako bat moztuko da.

Sarbideko obrak campus teknologiko berriaren eraikuntzaren zati dira, urbanizazio lanekin eta EIC eraikinaren eraikuntzarekin batera. Sarbideko obretan, batez ere, N-639 errepidearen gaineko biribilgune bat proiektatzen da, eta N-639 errepidea bera eta A-8 autobideko Gallarta/San Fuentesko lotunea aldatzea. "Biribilgune berriarekin parke teknologikora sartzeko aukera izango da, sarrerako eta irteerako mugimenduetan nahi ez diren gurutzaketak egiteko beharrik gabe. Horrekin batera, Kantabriatik A-8 autobidea uzten duten ibilgailuen ibilbideak zentralizatzen dira, lotunetik gertuko guneetara doazenak ", zehaztu du diputatuak.

Campus berrirako sarbideko lanak, 11,8 milioi euroko inbertsioarekin, 2019ko urrian hasi ziren, eta urte honen amaieran amaitzea aurreikusten da.