BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du LaborLan programaren bigarren edizioa. Joan den astelehenetik, martxoak 1, enplegu eta prestakuntzako programa misto honetan izena emateko epea zabalik dago.

Laburbilduz, enpleguaren arloko politika publiko honek laguntza integrala eskaintzen die parte-hartzaileei, prestakuntza hautatutako sektorean, eta baita eta covid-19aren pandemiak eragin duen krisiaren une hauetan funtsezkoa den besta gauza bat ere: esperientzia profesionala, lau hilabetera arteko lan-kontratu batekin, eta Bizkaiko benetako enpresa-ehunera hurbiltzeko aukera.

Teresa Laespadak, Foru Saileko diputatuak (PSE-EE), azpimarratu duenez, Laborlanek "langabeei laguntzen die" modu integralean. "Ez da enplegu programa bat gehiago, prestakuntza, amaierara arteko laguntza, lan-kontratu baten bidez esperientzia profesionala eta enpresetara hurbiltzea eskaintzen duen programa bat baita", gaineratu du.

Gainera, eskulana behar duten sektoreetan finkatzen dela azaldu du, enpresa munduarekin batera egindako azterketa eta ebaluazioaren arabera.

Laborlanen bigarren edizio hau bost sektoretan banatuta dago: Biomedikuntza, Pertsonen Zainketen Ekonomia, Nekazaritza, Galdaketa eta Eraikuntza.

Biomedikuntzaren sektoreko programa Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunerako Zientzia eta Teknologiako Enpresen Klusterrarekin egin da (Basque Health Cluster), gure lurraldean biozientzien eta osasunaren sektorean ordezkaritza handiena duen erakundearekin.

Pertsonak Zaintzeko Ekonomiaren sektoreari dagokion programa Grupo Servicios Sociales Integrados Sociedad Cooperativa elkartearen lankidetzarekin gauzatu da. Talde horrek gizarte-ekimeneko eta onura publikoko enpresak (SSI) biltzen ditu eta sektore horretan ordezkaritza handiena duen erakundea da Bizkaian.

Nekazaritzaren sektoreko enplegu- eta prestakuntza-programa Euskadiko Baserritar Profesionalen Nekazaritza Erakundearekin (ENBA) lankidetzan egin da; erakunde hau Bizkaian nekazaritza-sektorean ordezkaritza handiena duena da.

Galdaketaren sektoreko programa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkartearekin (AFV) koordinatu da, sektore honetan gure lurraldean ordezkaritza handiena duen erakundea baita.

Eta, azkenik, Eraikuntzaren sektorean enplegu-prestakuntzako programa bat sustatu da Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia-Bizkaiko Etxegile Sustatzaileen Bazkuna (ASCOBI-BIEBA) elkartearen lankidetzarekin.

Enplegu- eta prestakuntza-programa misto honetan parte hartu duten erakunde guztiak funtsezko eragileak dira beren sektoreen beharrak hautemateko eta, batez ere, lanbide-profilen eta -gaitasunen eskaintzaren eta eskariaren arteko doikuntza errazteko.

Gaur egun bizirik dirau LaborLan I programak, iaz hasi zenak, eta guztira sei sektore eta/edo lanbide hartzen ditu: Gozogintza, Psikologia, Programazioa, Fabrikazio Industriala, Autobuseko gidaria eta Fabrikazio mekanikoa eta soldadura. Demaren aurreikuspenen arabera, aurtengo maiatzean amaituko da enplegu eta prestakuntza programa mistoaren lehen edizioa.