BILBO. Gaur, urtarrilak 14, Zallako Herrera-Ijalde auzoan oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen obrak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bide berria BI-3651 foru errepidearen plataformatik igaroko da, eta Bolunburu eta La Mella auzoetan dauden bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak lotzea ahalbidetuko du. Horrela sei kilometro inguruko luzera izango duen Mimetiz eta La Mella arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidea osatuko da.

Bizikletentzako eta oinezkoentzako bide berria bi fasetan eraikiko da. Lehenengoa, dagoeneko hasita dagoena, 336 metroko luzera duen zati bati dagokio, eta bertan hiru metroko zabalera duen bidexka bat eraikiko da, motordun trafikotik bereizita. Zati hori fusibleen fabrika zaharraren industrialdearen eta La Mella auzo-bidearen arteko bidegurutzearen artean doa, eta errepidearen plataforma handitzea eskatzen du. Ibilbidearen zati honetako gehieneko malda %5ekoa izango da.

Aldundiak 672.559 euroko inbertsioa egingo du lehen tarte horretan, eta lanek sei hilabete iraungo dutela kalkulatzen da. Hala eta guztiz ere, jarduketa-planak aurreikusten du obrak sei hilabete eta erdiz geldiaraztea, martxoaren 1etik irailaren 15era bitartean, sai zuriaren ziklo biologikoa errespetatzeko, espezie babestu horretako aleek habiak egiten dituztelako inguruan. Horrela, bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen zati hori 2022ko urtarrilean jarriko da martxan.

Obren bigarren fasean 366 metroko zatia eraikiko da, fusibleen fabrika zaharraren ondotik igarotzen dena. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide hori egiteko lanak etenda daude, harik eta egituraren egonkortasuna bermatu eta eraikin hori erortzeko arriskua ezabatu arte. Gaur egun BI-3651 errepideko erreietako baten trafikoa itxita dago eta semaforo bidez txandaka igarotzen da, eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko hormigoizko hesi bat eta segurtasun-pantaila bat jarri dira.

La Herrera-Ijaldeko bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren xede den sarean sartuta dago. Plan hori egiteko fasean dago eta Aldundiak bizikletentzako ardatzak planifikatzeko duen antolamendu-tresna da. Plan honen helburua mugikortasun jasangarria, oinezkoa edo bizikletazkoa, eta garraio publikoarekin duen lotura bultzatzea da. Kasu honetan l. bidea ibilbide alternatiboa da auzoen arteko eguneroko distantzia motz-ertaineko joan-etorriak modu jasangarrian egiteko, aldi berean landa-guneak garraio publikoko sarearekin (Bizkaibus eta Feve) lotuz.