BARAKALDO. Barakaldoko Udalak herritarrak B@kQ egiaztagiri elektronikoari buruzko informazio kanpaina berri bat abiarazi du. Ekimen horren helburua doako tresna berri hau barakaldarren artean sustatzea da. Horretarako, esku-orri bat helarazi dute etxeetako postontzietara, B@kQ-ren gaineko informazioa eskainiz.

Tresna ezinbestekoa da B@kQ edozein gailu elektronikotatik (ordenadorea, mugikorra, tableta...) administrazio-izapideak egiteko. Doakoa da, eta erroldak, laguntza eskaerak, agirien erregistroa, obra-lizentziak eskatzea eta abarretarako bide ematen du. "Oso erabilerraza da, eta hainbat administrazioetarako balia daiteke - Bizkaiko Foru Aldundia, Osakidetza eta abar - ez bakarrik Udalerako", adierazi du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismo eta Berrikuntza Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

1.500 egiaztagiri baino gehiago tramitatu ditu Barakaldoko Udalak koronabirusak eragindako pandemia martxoan hasi zenetik. "Kanpainak beste bultzadatxo bat eman nahi dio egiaztagiria baliatzeari, etxean bertan eduki baititzakegu Udaleko bulegoak tramiteak modu erraz, seguru eta bizkorrean egiteko. Hori dela eta, herritar guztiak animatzen ditugu egiaztagiria eskuratu eta tramiteak online egitera", azpimarratu du Zubiaurrek.

NOLA LORTU B@kQ EGIAZTAGIRIA?

Hiriko lau puntutan lor daiteke. Udaletxean (Herriko Plaza), 09:00etatik 14:00etara, eta aurretiaz hitzordua eskatu gabe. Ogasunaren eraikinean (Foruak, 2), 09:30etik 14:00etara. Hor, ordea, hitzordua eskatu behar da 946 125 500 telefono zenbakian.

Horiez gainera, KZGuneko eraikinetan: La Florida, 14an eta Okeluri, 2an. Lehenak, arratsaldeko ordutegia dauka, eta hitzordua eskatu behar da 944 033 319 telefono zenbakian; bigarrenak, berriz, goizekoa, 09:30etik 13:30era, aldez aurretik hitzordua eskatuta 944 033 318 telefono zenbakian.