BERMEO. Abenduaren 11n, ostirala, aurpegian zauri auri bat zeukan itsas txakur grisaren ale bat agertu zen Bermeon. Bizkaiko Foru Aldundiak, animalia sendatu ostean, itsasora bueltatu egin dute, aurkitu zuten tokian.

Foru-erakundeko basozainak Bermeoko portura hurbildu ziren, eta Gorlizko Birsorkuntza Zentrora eraman zuten animalia, non jaten eman zioten lehenengo azterketa egin eta zauria sendatu ostean. Hilaren 11n bertan, arrain-papila eman zioten zunda baten bitartez, eta larunbatean berriz hidratatzeko fluidoak eman zizkioten; izan ere, igandera arte animaliak ez zuen eskaintzen zioten arraina jaten. Une horretatik aurrera, inolako arazorik gabe jan du zentroko instalazioetan. Gaur, handik abiatu dira itsasoan aske uzteko, albaitariek osasun-egoera onean dagoela egiaztatu ondoren. Bestalde, janari nahikoa eman diote naturan aske utzi ondorengo aldiari aurre egin diezaiokeela bermatzeko.

Horrelako egoerak ez dira batere ohikoak, baina, hala ere, ez da itsas txakur gris bat erreskatatu, zaindu eta askatzen den lehenengo aldia. Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroa martxan jarri zenetik, mota horretako 12 animalia sartu dituzte bertan. Hauexek izan dira azken kasuak: kume bat 2014. urten, eta iaz batu zen itsas txakur heldu bat, otsailean Lekeition hartu eta apirilean Lemoizen utzi zutena.

Aurtengoa urte berezia izan da Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroan, hala artatu dituzten animalien kopuruagatik nola animaliotariko batzuen tipologiagatik. Hala, bada, urtean zehar, abenduaren 20ra arte, 1.343 animalia igaro dira, guztira, Gorlizko instalazioetatik. Aurreko bi urteetan baino dezente gehiago: 2018an, 988 animalia artatu zituzten, eta 2019an, berriz, 1.040.

Zentroko langileen ustez, faktore nagusi bik eragin dute gorakada hori: batetik, herritarrak gero eta kontzientziazio handiagoa dute eta gehiago ezagutzen da zentroaren lana, eta horrek berekin dakar gero eta jende gehiagok jotzea bertara animalia bat zauriturik topatzean, eta, bestetik, konfinamenduan zehar animalia gehiago ibili da hiriguneen inguruan, eta halako lekuak ez dira egokienak basa-espezieentzat.

Aurtengo ekitaldian, ohiz kanpoko animaliak jaso dituzte zentroan, baina, beste alde batetik, lehengo beretik jarraitzen dute joera batzuek: esaterako, hegaztiak dira gehien artaturiko animaliak (938 ale). Hona zer animalia artatu diren ohikoak ez diren espezieetakoak:

  • Flamenko arrunt bat, irailaren bukaeran askatua Urdaibain, espezie horretako lehena eta bakarra artatu dutena Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroan.
  • Dortoka ezproidun afrikarra, konfinamenduan zehar aurkituriko espezie exotikoa.
  • Txiliporta txinatar bat. Espezie horretako ale bi artatu dituzte zentroaren historia guztian (lehena, 2009an).
  • Kamaleoi arrunt bat, zeina Jerezeko Zoobotanikora bidali baitute.
  • Amiltxori bat, zentroan artatzen dute espeziehorretako bosgarrena.
  • Zisne beltz bat. Gorlizko instalazioetan, lau aldiz izan dituzte espezie horretako txoriak.