BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du azaroaren 21etik 29ra bitartean Europa osoan ospatuko den Hondakinen Prebentziorako astearekin. Ekimen horrek modaren kontsumo jasangarria sustatzeko helburua du. Aldundiak hainbat jarduera antolatuko ditu herritarren artean kontzientzia sortzeko.

Horretarako, erakusketa bat instalatu da BEAZ foru-sozietatearen eraikineko halleko beirateetan. Erakusketa horretan, besteak beste, modaren eta ehungintzaren egungo testuinguruari buruzko informazioa eskaintzen da, bai eta Bizkaian eremu horretan iraunkortasuna sustatzeko garatzen ari diren ekimenei buruzko informazioa eta jantzien bizitza luzatzeko nahiz arropari bigarren erabilera bat emateko aholkuak ere. Erakusketa horren osagarri, erakusketa ibiltari bat ere antolatu da, eduki berberekin, udalerriz udalerri ibiliko dena Bizkaian zehar hilaren 30etik aurrera, horrela Hondakinen Prebentzioari buruzko Europako Astearen mezua denboran luzatzeko eta ahalik eta jende gehienarengana helarazteko.

Erakusketa horrek, bestetik, jardunbide egokien gida digital bat zabaltzeko balioko du, erakusketaren biniloetan eta totemetan agertzen den QR kodea eskaneaturik eskuratu ahalko baita gida.

Jardueron osagarri gisa, gainera, 'Etorkizuna janzten. Vistiendo el futuro' jardunaldia egingo da hilaren 26an (osteguna), eta Eventbrite plataformaren bidez jarraitu ahal izango da. Honako hauek parte hartuko dute jardunaldian: Enrique Osorio, Kooperako Komunikazio eta Marketin arduraduna, Bizkaian modaren iraunkortasunaren alde garatzen diren ekimenez mintzatuko da; Ane Olabarrieta Ethical Time-koak gaur egungo marka iraunkorren inguruan jardungo du, eta Mondragon Team Academyko Lander Jiménezek aztarna ekologikoari eta ingurumenari buruz hitz egingo du.