BILBO. Koronabirusaren pandemiak kulturaren sektorean eragindako kalteak ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaia Aurrera Kultura Bonua' izeneko kanpaina abiarazi zuen. Ekimen honen helburua jendeak kultura ekitaldietan gastatzeko bonuak saltzea zen. 26.800 bonu jarri ziren salgai, eta oraingoz, kopuru horretatik erdia saldu da dagoeneko. Saldutako bonuen artean, 2.730 A kategoriari dagozkio, eta 4.547, aldiz, B kategoriari.

Programaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak kultur produktuen erosketa sustatuko du, euskarri guztietan. Bizkaia Aurrera Kultura bonuak (BAKB) Kutxabank finantza-erakundearen bidez jarriko dira salgai eta erabiltzaileek Bizkaian hainbat kultur produktu erosteko aukera izango dute.

Bonu hauek bi modalitatetan jarri dira zirkulazioan:

  • A motako BAKB, 25 euroko prezioarekin, edozein motatako kultura-produktuetarako (B motako BAKBarekin eros daitezkeen produktuak eta zerbitzuak izan ezik). Kasu honetan 17.000 bonu jarri dira salgai.
  • B motako BAKB, 15 euroko prezioarekin, berariaz euskarazko kultur produktuentzat, hala nola liburuak, musika, filmak, dokumentalak, jokoak, bideo-jokoak, museoak, zinema, antzerkia, dantza, kontzertuak eta musikalak,€eta Bizkaiko tokiko hedabideetarako harpidetzak ere sartzen dira. Kategoria honetan 9.800 bonu jarri dira salgai.

Bizkaia Aurrera Kultura Bonu guztiek berrogei euroko balioa emango diote eramaileari kultur produktuak erosteko, bai eta museo eta zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak eta kanpaina honi atxikitako establezimendu-sareko beste kultura-ekitaldi batzuk erosteko ere, baldin eta BAKB horiek kanpaina honen barruan dauden egunetan erosi eta erabiltzen badira. Informazio guztia hemen kontsulta daiteke: https://www.bizkaia.eus/BizkaiaAurreraKulturaBonua

BAKB horien prezioaren eta erosketa-balioaren arteko aldea Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko du horretarako ezarri den funts ekonomikoa agortu arte. Programa honetara 500.000 € bideratuko dira.

Bonu hauen salmenta Kutxabanken webgunearen eta sarrerak erosi eta jasotzeko terminalen sarearen bidez egingo da. Kontsumitzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko 4 BAKB erosi ahal izango ditu. Bonuak 2021eko maiatzaren 24ra arte erosi ahal izango dira, eta bakarrik erabili ahal izango dira programari atxikitako establezimenduetan, irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.

"Ekimen honen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak bultzada eman nahi dio kultur sektoreari, bizi dugun krisi soziosanitarioak gehien kolpatu duenetako bat delako, krisi larri hori gainditzeko eta sektorea ahalik eta lasterren indartzeko. Eta erronka honetan funtsezkoa da guztion lankidetza, erakundeena, zalantzarik gabe, baina baita herritarrena eta sektorearena berarena ere. Ezinbestekoa da kultura kontsumitzea bizirik iraun dezan. Eta horretara dator, hain zuzen ere, Bizkaia Aurrera Kultura Bonua, bere garaian Bizkaia Aurrera talka-planaren barruan planteatutako neurri-sortaren barruan iragarri zena, eta bultzatu ditugun beste neurri batzuekin batera garatu dena", adierazi du Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena den Bizkaia Aurrera Kultura bonuak CECOBIren eta Kutxabanken laguntza du.