BILBO. 40.000 bizkaitar inguruk ez dute oraindik aurkeztu errenta-aitorpenik. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak ohartarazi egin du irailaren 30ean itxiko dela 2019ko PFEZaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko epea.

Aitorpena aurkezteko, zergadunak berretsi egin behar du proposamena edo, ados ez badago, beste bat aurkeztu. Hainbat eratan berrets daitezke ordaintzeko emaitza duten RentaEtxean proposamenak: telefonoz, Interneten, sms bidez edo aurrez aurre, Foru Ogasunaren nahiz banku-entitate laguntzaileen bulegoetan.

Maiatzaren 4an hasi zen 2019ko Errenta eta Ondare Kanpaina, eta, covid-19ak eragindako egoera ekonomiko eta sanitarioa ikusirik, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki zuen ohikoa baino hiru hilabete gehiago luzatzea epea, segurtasunez eskaini ahal izateko zergadunentzako aurrez aurreko laguntza-zerbitzuak. Era berean, sendotu egin dira, kanpaina osoan zehar, laguntza telefonoz nahiz Internetez emateko kanalak. Besteak beste, aitorpenak prestatzeko zerbitzu bat eskaini da, eta lehentasuna eman zaie 24.000 euro baino gutxiagoko errenta dutenei edo COVID-19a dela-eta enplegu-erregulazioko espedientean egon derenei (izan aldi baterakoa zein ez).

Kanpainak dirauen lau hilabete eta erdi hauetan, 539.352 errenta-aitorpen aurkeztu dira; haietatik 382.845 itzultzekoak izan dira, eta 407.853.099 euro itzuli dira guztira. Zenbateko horren parterik handiena kanpainaren hasierako egunetan ordaindu zitzaien zergadunei; izan ere, itzulketak aurreratzea izan da Foru Ogasunak egungo krisi-egoeran pertsonen likidezia-beharrei aurre egiteko harturiko neurrietariko bat.

Era berean, ahalik eta gehien atzeratzeko zergadunek egin beharreko ordainketak, irailaren 30era arte geroratu da kanpaina honetan ordaintzeko emaitza duten aitorpenak kobratzeko eguna, kontuan hartu gabe noiz aurkeztu diren aitorpenok. Horrekin batera, ordainketa zatikatuaren bigarren epea ere atzeratu egin da: azaroaren 30ean egingo dute ordainketa hori aukera hori baliatzea erabaki duten zergadunek. Ordaintzeko emaitza duten aitorpenak, orain arte aurkezturikoen artean, 156.507 izan dira, eta, guztira, 250.137.773 euro dagozkie.

Orobat amaituko da irailaren 30ean ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko epea. Aitorpen hori Internetez egin behar da kasu guztietan. Orain arte, 5.133 aitorpen aurkeztu dira, baina, kanpaina honetan, 7.500 izan behar zirela jotzen da.

Errentarekin zerikusia duen edozein tramite egiteko, zenbait aukera izango dituzte zergadunek, irailaren 30era arte. Aldundiaren web-orrian kontsulta daitezke edo telefono-zenbaki honetan: 94 608 3000. Zerbitzuon artean, bada aukera errenta-aitorpena finantza-entitate laguntzaileetan prestatzeko, Foru Ogasunak berak presta ditzan aitorpenak edo aitorpena Interneten bidez aurkezteko laguntza-programa baliatzeko.