BILBO.Bizkaiko Foru Aldundiak 35,7 milioi euro bideratuko ditu 3i programaren barruan dauden inbertsio, berrikuntza eta nazioartekotzera bideratutako 14 proiektu sustatzeko.

Hautatutako proiektuek 35,7 milioi euroko inbertsioa izango dute eta 1.026 lanpostu berri sortu ahal izango dituzte, enpresa parte-hartzaileen aurreikuspenen arabera, Ainara Basurko Sustapen Ekonomikorako diputatuak iragarri duenez. Martxan jarri zenetik hasi besterik egin ez duen eragin handiko programa baten aurrean gaude. Ekitaldi honetan sailetik 5,6 milioi euro inbertitu ditugu enpresentzat eta lurraldearentzat lehiakortasunari dagokionez salto handiak inplikatzen dituen proiektuak laguntzeko. 3i hazten jarraitzera eta liderrak izatera deituriko enpresak indartzeko apustu bat da, azaldu du Ainara Basurkok.

Programaren eraginari dagokionez, laguntza jaso duten 14 enpresak urtean 198 milioi euroko fakturazio bateratua izatetik 279,5 milioi euro izatera pasako dira 2022an, euren aurreikuspenen arabera. Hau da, diruz lagundutako 3i proiektuen ondoriozko igoera 42,2 milioi eurokoa da, 3 milioi euro gehiago batez beste enpresa bakoitzeko.

Proiektu guztiak industria-arlokoak dira, hainbat azpisektoretan, eraikuntza-sektoreko enpresa bat izan ezik.

3i PROGRAMA

3i programa programa zorrotz eta selektiboa da. Lurraldeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko diseinatuta dago, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta inbertsioaren bidez. Itzuli beharrik gabeko 500.000 eurorainoko laguntzak eskaintzen dituen foru-programa bakarra da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hazkundeari eta enpleguari dagokienez eragin handia duten enpresentzako jarduera estrategikoei erantzun ahal izateko pentsatuta dago.

Programak lehiakortasuna hobetzeko jarduerak bultzatzen ditu, berrikuntza-proiektu teknologikoen nahiz ez-teknologikoen, lotutako inbertsioen eta nazioartekotzera bideratutako jardueren bidez. ETEei zuzenduta dago, baldin eta 10 langiletik 249 langilera bitartekoak badira eta industria, eraikuntza, garraio eta zerbitzu sektorekoak, betiere handizkako industriari eta merkataritzari lotuta.