Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Suspertze Adimentsua programak 1,5 milioi euro eman dizkie dagoeneko lurraldeko enpresei. Programa honek 15.000 euro arteko dirulaguntzak bideratzen ditu jarduera eta negozio-ereduek ekonomia zirkularraren eta ingurumen-eragina murriztearen aldeko apustua egin dezaten.

Neurri hau Bizkaia aurrera! planaren barruan onetsi egin da, osasun-larrialdiaren egoeragatik eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin. Zentzu horretan, momentura arte 120 enpresak jaso dituzte laguntzak, hots, orotara 3 milioi euroko inbertsioa egin da proiektu horietan. Eskaerak aurkezteko epea oraindik dago irekita, eta interesa duten enpresek irailaren 30era arte aurkezteko parada izanen dute.

Izena eman duten enpresa-motak aztertuz, plantilletan batez beste 20 kide inguru egon ohi dira. Horien artean, gehienak, industriaren sektorean lan egiten dute (48 guztira). Era berean, zerbitzuetako, merkataritza-sektoreko, eraikuntzako, garraioko eta ostalaritzako enpresak ere badaude.

Berez, programa hau 5 eta 100 langile bitarteko enpresentzat dago pentsatuta, beti ere, epe laburrean merkataritza-bokazio argia duen proiektu bat izatekotan. Horretarako, hurrengo irizpideak bete behar dituzte: lehenik eta behin, salmentak berraktibatzea, merkataritza-jarduera indartzea, nazioarteko eskaintzak hautematea eta eskuratzea, marketin digitaleko jarduerak, zerbitzuak bide digitaletatik eskaintzea. Bigarrenik, enpresak ekonomikoki berraktiba-tzea, enpresen merkataritza- eta ekoizpen-eraginkortasuna hobetzen duten enpresak fusionatuz edo eskuratuz. Eta azkenik, merkatu handiagoetara sartzeko lankidetza-ekintzak, merkaturatzeko ABEEak eta partzuergoak sortzea barne.

Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, ekonomia zirkularrerako eta digitalizaziorako proiektuak nagusituko dira. Euren gastuetarako dirulaguntzak jasoko dituzte %50ean, eta, hasieran aipatu bezala, 15.000 euroko mugarekin; langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta ibilgetu materialean egindako inbertsioak dira gastu horiek. Merkataritza eta digitalizazioaren esparruetan, Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak Industrial Marketing Centre delako jarri dute martxan. “ekimen berri horren helburua da Bizkaiko industriaren arloko enpresei laguntza ematea marketinaren alorrean urrats handia egiteko berrikuntzan eta digitalizazioan”, azaldu dute bi erakundeek.