Urtaro guztiek dute beren xarma, baina ezin ukatu uda sasoi ezin hobea dela arropa erosoa jantzi, motxila hartu eta eguneko txangoak egiteko. Ez da hala? Eta zer esanik ez, gorputza mugitu eta aktibatzeko. Etxeko txikienek ere badute horren beharra, noski, eta Bizkaiko paraje eder eta anitzek umeekin batera gozatzeko aukera ugari ematen dizkigute.

Udako egunei probetxua ateratzeko lau ibilbide-proposamen dira ondorengo lerroetan azalduta daudenak. Bizkaiko probintzian daude denak, eta umeekin batera egiteko aproposak dira.

GORLIZKO ITSASARGIA

Uribe Kosta eskualdeko Billano lurmuturrean kokatuta dago, izen bereko uhartearen aurrean. Bertara heltzeko proposatutako ibilbidea Gorlizko Astondo hondartzan hasiko da, erietxe eta kaiaren arteko dunetan.

Gora daraman bidea hartu, eta hamabost minutu inguruko aldapa bat igo ondoren Astondo izeneko mendian kokatuko gara. Bertatik Plentzia herriaren bista paregabeak izango ditugu. Horren ostean, bide bi ditugu aukeran: lehengotik itsasargira helduko gara zuzenean, bigarrenetik, aldiz, Ustrikoetxera. Azken honetan ikusi ahal izango ditugu Azkorriaga gotorlekuko aurriak.

Itsasargiko bidea hartuta, Kukullu izeneko larreetan gora egingo dugu, eta eguna ez badago lainotuta, Jata, Anboto, Gorbea, Ganekogorta eta Serantes mendiak ikusiko ditugu urrunean. Gorlizko itsasargia bera ere agertuko zaigu ondoan, hortaz, erraz helduko gara bertara. Dorreak kolore zuria eta 21 metroko altuera du, eta 165 metroko amildegi baten gainean kokatuta dago. Hala, Kantauriko itsasargirik garaiena da.

Guztira 45 minutu inguru beharko ditugu hondartzako dunetatik itsasargira heltzeko, eta beste hainbeste bueltatzeko. Bideak ez dauka zailtasun handirik, eta Bizkaiko kostako ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera ematen du.

BALTZOLAKO KOBAK ETA GARAIO MENDIA

Baltzolako kobak Dimako udalerrian kokatuta daude, Arratiako haranean eta Urkiolako Parke Naturalean. Ibilbide asko egin daitezke bertako ingurunea ezagutzeko, horietako batek Indusi auzoan ditu hasiera eta amaiera. Norabidea markatuta dago lehenengo momentutik, egurrezko kartel eta paneletan. Beraz, bereziki zaila da galtzea.

Pistatik egingo ditugu lehenengo metroak, eta mendi-bidean sartuko gara ondoren. Lehenik eta behin, Jentilzubi izeneko zubira helduko gara. Mitoak dioenez, aparteko indarra erabilita eraiki zuten jentilek ezkutuan, mendi batetik bestera ibili eta kristauengatik ihes egin ahal izateko. Horren ondoan dago Axlor kobazuloa, eta oso interesgarria da bertara bisita egitea, izan ere, Bizkaiko arkeologia-aztarnategirik zaharrena da.

Bidean ezkerretara, Abaroko bidea igaro eta Baltzolako kobak aurkituko ditugu. Komeni da eskuargia eramatea, bertan gordetzen diren sekretu eta altxor guztiak ezagutu ahal izateko. Gaur egun, gainera, eskalatzaile ugari egoten da bertako paretetan.

Leizeetara heltzeko ordubete eskas beharko dugu, eta bidea luzatu nahi badugu Garaio mendira igo gaitezke. Horretarako, Axlor kobazuloaren ondoan dauden kartelei begiratu, eta hori koloreko markak jarraitu beharko ditugu. Mendi tontorretik Gorbea ikus daiteke, baita Arratiako ikuspegi zoragarriak ere.

OGOÑOKO TALAIA

Elantxobeko herrian kokatuta dago, eta bertara heltzeko bide bakar bat ez dagoen arren, hemen azalduta dagoenak Elantxobe herri bereko hilerrian du abiapuntua. Kanposantutik gorantz doan bidea hartu eta aldapa gogor bat igo ostean, Lagaburuko begiratokira helduko gara. Bertatik Ibarrangeluko Laga hondartza ikus daiteke, eta behar izanez gero, lasai egon ahal izateko eserleku batzuk ere badaude.

Bide beretik jarraitu eta berehala helduko gara Ogoño mendiko talaiara. Esaten dutenez, Elantxobeko arrantzaleak bertara igo izan dira betidanik, eguraldia iragarri eta arrantza zaindu ahal izateko. Laga hondartza eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren ikuspegi ezin hobeak eskaintzen ditu ingurune honek. Horrez gain, Matxitxako lurmuturra ere ikus daiteke urrunean.

Buelta egiteko, egindako bide bera hartuko dugu, baina oraingoan Atxurkulura desbideratuko gara, Ogoñoko tontorrik garaienera. Bertatik ere, zer esanik ez, eskualdeko ikuspegi ederrak daude.

Guztira bi ordu emango ditugu joan-etorria egiten, eta behean gaudela, Laga edo Laidako hondartzetan bainu bat hartzeko aprobetxatu dezakegu, Urdaibaiko paisaia hobeto ezagutu eta igotako talaia behetik ikusi ahal izateko.

BOLINTXU UR-JAUZIA

Bolintxu izeneko erreka Pagasarri mendiaren ekialdean kokatuta dago, Bilbotik oso gertu, eta lau kilometro eskas besterik ez dituen arren, balio ekologiko handiko habitat bat da.

Ur-jauzira heltzeko, Pagasarriko aparkalekutik abiatuko gara, Buia auzora doan ezkerreko bidea hartuta. Bi kilometro egin ostean, ezkerretara biratu beharko dugu berriz ere, erreka ondotik doan bidea hartzeko. 300 metrora akueduktu-zubi bat eta hodiak ikusiko ditugu, XIX.mendean Bilbo hiriaren ur beharrak asetzeko asmoz eraikitako urtegi baten hondarrak.

Beste kilometro bat egin eta ur-jauzian izango gara. Bainu bat hartzeko leku oso aproposa da, izan ere, naturak eskaintzen dituen paraje zoragarri horietako bat da. Baso eder batek inguratzen du, eta landare eta animali ugariren bizilekua da. Nahi izanez gero, aldapa bat igo eta ur-jauzia goitik ikusteko aukera ere badago.

Bertara heltzeko ibilbideak bost kilometro inguru ditu, eta beste hainbeste buelta egiteko. Beraz, hiru ordu beharko ditugu, gutxi gora behera, joan-etorria egiteko. Udako goiz eder bat igarotzeko plan ezin hobea, hortaz, heldu, gazte zein umeentzako.