GETXO. Getxoko Udalak berriro hasiko ditu Azkorriko Zientoetxe eta Goienetxe estratek bat egiten duten lekuan biribilgune bat eraikitzeko lanak. Biribilgune horren xedea bertara doazen pertsonen segurtasuna bermatzea da. Eragiketak Foru Aldundiaren Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak eremu horretan Bizkaibus zerbitzuko autobusek beharrezko maniobrak errazteko egindako eskaerei erantzuten die.

"Biribilgune honen helburua Bilbo-Azkorri lineako autobusek gaur arte noranzkoa aldatzeko izan dituzten arazoekin amaitzea da, izan ere, gaur egun egin behar dituzten maniobrek segurtasun falta eta arrisku handia eragiten diete oinezkoei. Arazo hori konpondu ezean, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak autobus bidezko garraio publikoaren zerbitzu hori kentzeko arriskua dagoela ohartarazten du", azaldu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

SEGURTASUNA BERMATZEKO NEURRIAK

Oinezkoen segurtasunik handiena bermatzeko eta ingurune natural hori errespetatzeko, biribilgunea eraikitzearekin batera honako neurri hauek hartu dira:

  • Bidearen alboetako berdegunea inbadituz aparkatzea eragozten duten elementuak ezartzea; ibilgailu horiek, aldi berean, ibilgailuak nahiz oinezkoak behar bezala zirkulatzea eragozten dute.
  • Inguruan hala oinezkoa nola bizikleta lehenestea.
  • Bizikletak aparkatzeko toki gehiago jartzea.
  • Gehienezko abiadura orduko 20 km-ra mugatzea, seinaleztapen bertikala zein horizontala indartuz.
  • Guardia etzanak (edo abiadura-murriztaileak) ezartzea bihurgunearen aurretik, autobus-geltokiaren ondoan.
  • Biribilgunearen ardatza lekuz aldatzea, ahalik eta berdegune gutxien okupatzeko (70 m2 inguru).
  • Etorkizunean, bizikleten zerbitzu-kontratu berriari lotuta, Metroaren Ibarbengoako geltokian bizikletak alokatzeko puntu bat ezartzea, geltoki horretatik Azkorrira errazago iristeko.

Gobernu-taldearen konpromisoa da goian adierazitako neurriak lantzea eta inguruko gizarte-taldeekin lanean jarraitzea, segurtasun-helburuak lortzeko eta, Azkorriko ingurune naturalari dagokionez, baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuan ere.