BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak Mujeres por África fundazioarekin zeukan lankidetza-hitzarmena berritu egin du. Horri esker, eta "Ellas investigan" izeneko programari esker, Afrikako hiru ikertzaile senior berrik beka bana jasoko dute urte erdi Bizkaian egoteko.

Osteguneko prentsaurrekoan azaldu zuten hitzarmena berritu dela Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu Teresa Laespadak, BioCruces Bizkaiako zuzendari Luis Castañok eta Egiptoko Rana Mahmoud ikertzaileak.

Orain arte Afrikako bederatzi emakumek jaso dute Bizkaian, zehatzago, Kronikgune, DeustoTech eta aipatu BioCruces Bizkaia zentroetan, ikertzeko beka hori (bata Kamerungoa, beste bat Aljeriakoa, beste bat Nigeriakoa, beste bat Sudangoa, hiru Egiptokoak eta bi Ugandakoak).

Laugarren aldiz berritzen da hitzarmena (60.000 €), aipatutako Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak, aurreko legealditik, Afrikarako begirada berria bultzatzen ari delako.

Laespada diputatuak honako hau adierazi zuen: «unibertsitateko hiru irakasle dira, beren lana urte erdiz Bizkaian garatu duten lehen mailako hiru ikertzaile»:

«Emakume hauek eredugarriak dira, ematen digutenak argi uzten du merezi duela Afrikara begirada berri batekin begiratzea. Kontinente honek begirada berri bat merezi du, berdintasuna, emakumea eta Garapenerako Lankidetza xede dituen zeharkako politikekin. Horrela proposatu genuen lankidetza itundu gisa gure Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailean eta horrela irudikatu izan dugu beti horrelako proiektuetan. Emakumeen ahalduntzearen inguruan eta herri eta horien sistema demokratikoen garapenaren inguruan hitz egin dugu».

Laespadak, bestalde, adierazi zuen beraiek garatzen duten ikerketak «errealitatea ulertzeko eta irtenbideak bilatzeko ezagutzak sortzen dituela, eta hori lehentasunezkoa da Afrikako toki askotan, bereziki, sarritan ikusezinak diren emakumeak protagonista dituzten ikerketak». «Ikertzaile bat babesten denean horren talde guztia babesten da, bere zentroa eta, azken batean, bere herrialdea. Eta ez dezagun ahaztu garapenerako ezinbestekoak diren osasuna bezalako gaietan lan egiten dutela».