BILBO. Hurrengo astelehenetik aurrera, ekainak 1, funts dokumental, bibliografiko eta hemerografikoak berriro kontsultatu ahal izango dira Bizkaiko Foru Liburutegian, Foru Agiritegi Historikoan eta Probintziako Agiritegi Historikoan. Hori bai, aldez aurretik hitzordua eskatu behar izango da instalazioetara joan ahal izateko.

Hala ere, egungo egoerek ezartzen dituzten higiene- eta segurtasun-baldintzak bermatzeko, funtsak kontsultatzeko zerbitzua aurretiko hitzorduaren bidez egingo da, eta, horretarako, kontsulta-eskaera bat bidali beharko da helbide elektroniko hauetara:

  • Foru Liburutegia: foru_liburutegia@bizkaia.eus
  • Foru Agiritegi Historikoa: agiri@bizkaia.eus
  • Bizkaiko Probintziako Agiritegi Historikoa: artxibo.probintziala@bizkaia.eus

Eskaeran, zehaztu egin behar da zein den kontsultatu nahi den aldizkako liburua edo argitalpena edo eskatzen den informazio bibliografiko, hemerografiko edo dokumentalaren gaia. Zerbitzua arintzeko, harremanetarako telefono-zenbaki bat emango da.

Aldez aurreko hitzorduaren sistemari esker, interesdunek instalazioetara apurka-apurka sartu ahal izango dute, eta kontsultatu beharreko funtsak erreserbatu ahal izango dituzte. Kontsulta amaitutakoan, erabilitako materialak zehatz-mehatz garbituko dira (irakurketa-postua, mikrofilmen irakurgailua, etab.), eta funtsen berrogeialdi prebentiboa egingo da, hurrengo erabiltzen direnerako higiene- eta osasun-baldintza egokietan egon daitezen; hurrengo erabilera hori ezin izango da berehala izan.

Bizkaiko Foru Liburutegiaren kasuan, une honetan eta berriro abisua eman arte, etenda daude oraindik eguneroko prentsa-zerbitzua, Interneteko aretoa, ikasgeletarako sarbidea material propioarekin, tailerrak, irakurketa-klubak eta kulturaren zabalkundea egiteko beste jarduera batzuk. Osasun-egoerak ahalbidetzen duenean ekingo zaio berriro jarduerari.