Autonomoenak barne

Ogasunak 382.000 errenta proposamen bidali ditu guztira

24.04.2020 | 21:47

BILBO. Maiatzaren 4an, errenta aitorpenerako 2020ko kanpaina hasiko da, eta Bizkaiko Foru Ogasunak 382.155 proposamen bidali dizkie dagoeneko zergadun bizkaitarrei, egin behar diren errenta guztien % 66a. Guztira, 580.409 aitorpen egin beharko dira Bizkaian.

Egin diren proposamen berriak, 40.000tik gora, aurreko urteetan proposamenik egiten ez zitzaion talde bati dagozkio, hau da, 30.000 bat langile autonomori eta beren ezkontideei. Aurreko ekitaldian ezarritako 140 aitorpen eredu berriak (eragiketa ekonomikoen erregistro liburua), barne kudeaketako prozesuen optimizazioak eta errenta eredu berrirako aurreikusitako prozeduren aurrerapenak aukera eman dute autonomoen eta beren ezkontideen kolektiboaren erdia Errenta Etxean eta Errenta Web proposamenak egiteko prozesuan sartzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoei eta beren ezkontideei egin zaizkien 40.000 aitorpen proposamenetatik 28.000 dirua itzultzeko dira; hortaz, kanpainaren hasierako egunetan 29,3 milioi euro jasoko dituzte. Ordaintzeko diren aitorpen proposamenek ere, antzeko kopuruetan mugitzen diren diru sarrerak ekarriko dituzte, hau da, 29 milioi euro, Ogasunak kanpainako azken egunean kobratuko dituenak.

Gogorarazi behar da osasun larrialdia dela eta, oraindik zehaztu gabe dagoela 2019ko Errenta kanpaina noiz itxiko den, eta luzatu egingo dela aurreko kanpainetako aurrez aurreko zerbitzu maila bera beharrezko den denboran eskaini ahal izatera heldu arte. Aukera izan bezain laster, Foru Ogasunak jakitera emango du Aldundiko bulegoetako aurrez aurreko zerbitzuak eta banku erakundeetan aitorpenak egitekoak noiz hasiko diren.

Foru Ogasunak, langile autonomoei aitorpen proposamenak bidaltzeko egin duen ahaleginarekin, osasun larrialdiaren ondorio ekonomikoak gehien pairatu dituzten kolektiboen likideziari lagundu nahi izan die. Zergen arloan hartu diren ezohiko neurriak Aldundiaren web orrian eta BizkaiUp aplikazioan kontsulta daitezke.

noticias de deia