BILBO. Umeei konfinamendu garaia eramangarriago egiteko asmoz, 'Bizkaia Txapeldun' izeneko ekimena abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ekimen horren bidez, umeek gutunak, olerkiak, marrazkiak edota margolanak egingo dituzte eta aitite-amamei iritsiko zaizkie, egunak laburragoak egiteko xedearekin.

Umeek bi aukera izango dituzte gure aitite-amamengana hurbiltzeko, eta animatzen laguntzeko. Lehenengoa, «Zu margolari» atala, marrazkien eta margolanen bidez; bigarrena, «Hitz biribilez», kontakizunak, gutun, olerki edo mezuen bidez. Kasu bietan, txikienek ikusten dutena, sentitzen dutena, egunero egiten dutena, normaltasunera itzultzen direnean egin nahi dutena... margotu edo idatz dezakete. Haien irudimenetik sortzen den edozein ideiak balio du.

NOLA ETA NORA BIDALI LANAK

Oso erraza izango da umeen lanak bidaltzea. Marrazkien eta margolanen kasuan, argazki bat atera behar zaie eta posta elektronikoz bidali helbide honetara: bizkaiatxapeldun@bizkaia.eus . Edo, bestela, WhatsApp bidez bidal daitezke, 688847473 telefono-zenbakira. Idazlanak bidaltzeko, berriz, bi aukera hauek daude: posta elektroniko berera bidali ahal dira, pdf formatuan, edo, bestela, WatsApp bidez, edozein formatutan. Mezuan, egilearen izena eta adina baino ez dira jarri behar (Adibidez: Araitz, 7 urte).

Bidaltzen diren lanak egunero argitaratuko da ekimenari buruzko informazioa duen web-orrian: www.bizkaia.eus/es/bizkaiatxapeldun. Orri horretatik, sare sozialen eta WatsApp bidez partekatu ahal izango dira, Bizkaiko aitite-amama guztiek jasotzeko aukera izan dezaten. Idazlanak eta marrazkiak Bizkaiko Foru Aldundiaren sare sozialetan ere argitaratuko dira: @Bizkaia, Twitter-en. eta @BizkaiaBFA , Facebook-en.

Konfinamendua amaitu arte jasoko ditu Aldundiak txikien mezuak. Gero, asmoa da jasotako guztiak liburu batean edo erakusketa handi batean jasotzea.