HEMENDIO bueltan da. Eta zenbait urte pasatuta lehenengoz taulagaineratzen zirenetik, musika taldea "bizirik dirau". 80. hamarkadan Gernika-Lumon sortu eta Euskal Herriko hainbat txokotan aritu zen taldeak euren ametsetako bat errealitate bihurtzea lortu du berriki. 1985ean sortua eta 1992an bere ibilbidea bukatuta, diska berria aurkeztu zuten atzo gauean euren herriko Musutruk Kafe An-tzokian. Lan berezia da oso: Londoneko Abbey Road estudio mitikoan grabatutakoa, lagunartean egina baina baita zenbait kolaboraziorekin ere.

Ezin du edonork esan Abbey Roaden grabatu duenik. Hemendiok, bai. "Esperientzia ezinhobea izan zen", diotenez. "Gure bizitzako esperientzia", gaineratzen dute. Eta zortzi kantaz osatutako CD formatuko diska kalean da jada -biniloan ere aterako dute, aurki-, Mikel Fernandez Krutxaga taldearen lagun eta teknikari ospe-tsu den Musik Art estudioan nahasketak eta masterizazioa egin ostean. "Diska kaleratu ahal izatea, derrepentean bete dugun aspaldiko amets bat da", Iñaki Olano kantariaren aburuz. Salgai da bai Gernika-Lumon -Aterpen, Euskal Souvenirsen, Obaban eta Legoien- eta baita Bermeon ere -Kafe Loidxie, Yuliya dantza akademia eta Zubiganen-. "Diskak saldu baino, orduko garaiko kantak gogoratu nahi izan ditugu". Hurbilekoentzako opari, Hemendio bueltan da.

Baina ez da bueltan diskaren aurkezpenarekin, baizik eta 2018an bueltatu ziren Hemendiokoak taulagainera. "Musika blog batera bidalitako informazio batek txispa sortu zuen lagunartea ostera ere batzeko". Eta urte hartako Lekuek Festibalean "revival bat egin behar zela pentsatu genuen". Hala egin zuten, diska ateratzea jomuga izanez. "Egin eta laurogeigarren eta laurogeita hamargarren hamarkadetan ezin izan genuena egin, orain zela garaia iritsita, gure musika diska baten plasmatu behar zela ikusten genuen. Sasoi hartako gaiak, musika estiloa eta abestiei, gaur eguneko ikuspegiarekin garbitu eta tratatu, ispiritua ikutu gabe eta esku artean geneukan aukera aprobetxatuz, Londoneko Abbey Road estudioetara abiatu ginen, The Beatles taldeko bigarren estudio mitiko horretan sesio batetan dana egiteko. Esperientzia ikaragarria", laburbiltzen dutenez. Taldearen historia, hala ere, luzea da. 1985ean batu ziren Josu eta Jon Artetxe, Miguyel Angel Rodriguez, Iñaki Ostiz, Iñaki Olano eta Ager Uriguen, "musika egiteko prest". Baina beste taldekide batzuk ere izan ziren tartean: Etore Akordagoitia, Joseba Verdes, Inas Ruiz edota Igor Markaida. Diskari dagokionez, kolaborazioak ere izan dituzte, besteak beste Luhartzeko Aintzane Uria eta Rafa Iriondo. Taldea bukatu ostean, "bakoitzak bere ibilbidea hartu zuen, baina adiskidetasuna mantenduz".

Bizirik Eta adiskidetasuna mantenduta, azkenaldian hainbat kontzertu eman dituzte, beti ere aukera bereziak baliatuz. 26 urteren buruan bueltatu ziren taulagainera, orain dela aste gutxi beste emanaldi bat eskainiz Aterpe tabernan. Hala, etorkizunean ere musika egiten jarraituko dutela baieztatzen dute. "Gure zereginek, hots familiak, lanak, beste proiektuek izten diguten heinean, lagunarteagaz eta ensaioekaz jarraituko dugu, objetibo konkretuei aurre egiteko. Hemendio bizirik dirau".