Aldundiak AP8ko, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako Tuneletako bidesarien 2020. urterako tarifak eguneratu ditu, baita azpiegitura horien erabiltzaileentzako dirulaguntzak ere.

Izan ere, dirulaguntza horiek jasotzen dituzten bizkaitarrek gehienez 32,63 euro ordainduko dituzte hilean bidesaria ezarrita duten hiru bide horiek erabiltzeagatik. Gehienez 47,74 euroko gastua ezartzen da, hilean, AP8ko edo AP1eko Arabako nahiz Gipuzkoako lurretan bidesaria ordaintzeko, bidaiaren hasiera edo amaiera Bizkaian badago betiere. Gaur egun 21.000 pertsona baino gehiago daude atxikita dirulaguntzen sistema horretara, eta 2019. urtean Aldundiak batez beste 55 euro itzuli dizkie hilean.

Aldizkako tarifei dagokienez, Artxandako Tuneletako bidesaria 0,03 euro garestitu da ibilgailu arinentzat, orain 1,23 eurokoa da, eta 0,05 euro garestitu da ibilgailu astunentzat, orain 1,30 eurorainokoa da. Dena den, gauetan doan izaten jarraituko du eta jaiegunetako tarifa berezia kendu da; horrela, bidesaria ezarrita duten beste bide batzuetako tarifekin parekatu dira tarifa horiek.

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean igoerak ibilbidearen eta ibilgailu motaren araberakoak dira: 0,02 eta 0,15 euro arteko igoerak ezarri dira. Ibilgailu arin batek Bilbo ekialdetik Santurtzirainoko ibilbide osoa egin nahi badu, 1,33 euro ordaindu beharko ditu, baina soilik 0,54 euro Bilbo ekialdetik Bilbo hegoaldera bitarteko sarbideetan zehar ibiltzeko.

Azkenik, AP8an, Galdakaotik Ermuraino doan ibilbide luzeeneko tarifa 0,05 euro garestiagoa da ibilgailu arinentzat (3,71 euro); dena den, deskontu batzuk mantendu dira: ibilbide jakin batzuetarako deskontuak (Zornotza eta Iurreta artean, Abadiño eta Ermua artean) edo ibilbide berean Ermua eta Galdakao arteko AP8ko tartea eta Santurtziraino Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea hartzen duten ibilgailu astunentzako deskontuak.