BILBO. Aurtengo Lauaxeta Ohorezko Saria EraMiak irabazi du, administrazioan hizkuntza normalizatzeko programa. Ekitaldian Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan da.

Rementeriak nabarmendu eta eskertu zuen EraMiak programaren ibilbidea, ekitaldira joan ziren programaren 17 kideen aurrean, eta azpimarratu zuen euskararen erabileraren mikroplanen bidez egiten ari den lan handia. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako EraMiak programaren helburua da euskara gero eta gehiago izatea administrazioaren barruko lan-hizkuntza.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak nabarmendu zuen zer nolako balioa duten gainerako saridunen lanek euskararen sustapenean. Edizio honetan, Iñigo Astiz izan da irabazlea poesia-kategorian, 35 urtez beherakoentzako modalitatean, ‘Analfabetoa’ poema-bildumari esker; Pello Otxoteko, berriz, poesia-kategorian, ‘Itsas Bizimina´poema-bildumari eskera, eta Fermín Etxegoien, 'Euskaltzaindia: Egunak eta lanak’ obraren zuzendaria, ikus-entzunezkoen kategorian.

Sari hauen bidez, Esteban Urkiaga "Lauaxeta", poeta ekartzen da gogora, eta euskararen normalizazioa eta euskal kultura sustatzen ahalegin berezia egiten duten pertsonei, kolektiboei eta erakunde publikoei egiten zaie aintzatespena.

Analfabetoa

Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtez beherakoen kategoria: Iñigo Astiz jauna, ‘Analfabetoa’ lanaren egilea. Epaimahaiaren iritzia: "Iñigo Astizen ‘Analfabetoa’ lanean, adierazpen poetiko handia nabarmentzen da. Abangoardiaren bideari jarraituz, Astizek objektuen garrantzian ?haien esanahi sinbolikoan? oinarritutako liburu bat egin du. Gabriel Arestik urratutako bideari eta hirian oinarritutako poesiari jarraituz, Astizek teknika aberats bat erakusten du poema luzeak egiteko, eta eguneroko irakurketak planteatzen duen poetika zehatza hurbiltzen dio irakurleari".

Itsas Bizimina

Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtekoen edo 35 urtez gorakoen kategoria: Pello Otxoteko jauna, ‘Itsas Bizimina’ poema-bildumarten egilea. Epaimahaiaren iritzia: "Pello Otxotekok, ‘Itsas bizimina’ liburuan, bidaia literario-sentimental bat proposatzen du itsasoaren sinboloaz baliaturik. Poema-bilduma honetan, Otxotekok bere gaitasuna erakusten du munduaren ikuskera jakin bat adierazteko. Bizitza eta bizi-nahiaren arteko eztabaidan, poetaren espresioak eta iradokizunak eskaintzen zaizkio irakurleari. Liburu trinko bat da, eraginkorra bere sakonean, eta ideia bakar batean oinarritua".

Euskaltzaindia: Egunak eta lanak

Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria: Fermin Etxegoien, 'Euskaltzaindia: Egunak eta lanak' ikus-entzunezko obraren egilea. Epaimahaiaren aho batezko iritzia: "Dokumentalean, Bernardo Atxagaren sentsibilitatea eta umore onaren erabilera uztartzen dira. Horrez gainera, Fermin Etxegoienek Euskaltzaindiaren iraganeko, oraingo eta etorkizuneko lana erakusten du, eta euskara batua aurkezten du euskal identitatea eraikitzeko funtsezko alderdi gisa".